Miguel Angel Sagaseta, EHTEren urrezko domina

Euskal Herriko Txistularien Elkarteak Migel Anjel Sagasetari eskainiko dion omenaldi eta urrezko dominaren iragarpena Jose Manuel Albeniz Sainzen artikulu honen zioa da. Bertan egileak Sagasetaren ibilbidearen errepasoa egiten du.

Miguel Angel Sagaseta Ariztegi 1941. urtean jaio zen Iturenen, bere aita dantzan ikusiaz, laster hartu zion gustua dantzei, “ederki egiten zuen dantza, lehenetarikoa izan ohi zen zortzikoa dantzatzera irteten”. Baita, bere anaia Aurelio ikusiz, Juan Miguel Biurrarena Izkiboren txistu horietako bat jotzen.

Urteak aurrerago, seminarioan ikasten zegoelarik heldu zion solfeoa eta txistuari, hala ere, bere anai Aureliok dioen moduan, “Migel Angel autodidakta da”.

1966an, apaiz ordendu zutenean, Luzaideko Parrokiaren ardura hartu zuen eta han… baina onena, Sagaseta beraren berbetan entzutea: “Bolanteak dantzan ikusten nituenean, beraientzat zerbait magikoa, sakratu zen, handitasun, dotoreziaz eta elkarren arteko sinkronizatze erabatekoaz egiten zutena, gogoeta egin nuen orduan latza izango zela dantzok galtzea, eta biltzeari ekin nion, baina askozaz gehiago ziren eta guztiak bildu behar izan nituen”. Gauzak horrela gainerako herrietara joan zen Aldude, Arnegi, Azkarate, Banka, Baigorri, Donaisti, Donapaleu e.a. Ahal zuen guztia jasoz.

Esan beharra dago, motorrean LapurdiBehe Nafarroa eta Zuberoan zehar ibili zela, etxez etxe eta herririk herri, berri eman eta abestu egiten zizkioten Jautzi eta musikak batuz, gogoan du, batzuetan, sei aldiz ere itzuli egin zela pertsona berarengana elkarrizketa errepikatzera, zalantza guztiak uxatu eta jasotakoa zuzena zela ziurtatu arte.

Bilketa lanean osatutako Jautzi eta musika bildumarekin, 1977. urtean Luzaideko Iantzak izeneko lana argitaratu zuen, liburua erabateko arrakasta izan zen, denbora motz batean jada agortu zelarik. Liburuaren aurretik, Migel Angel Sagasetak  Estudio de los bailes de Valcarlos artikulua plazaratu zuen Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkariko 20. zenbakian.

1973an  Leitzara leku aldatu zuten, eta bertan bertako txistulariak grabatu zituen, bildutakoa pentagramara aldatuz eta txistu eskola bat sortuz, berriz leku aldatu zutelarik Etxarri Aranatzera, pilatutako grabazio eta partiturak, berak sortutako eskolari oinordetzan utzi zizkion oro. Gaur egun, erretore moduan dihardu Urdiainen, herrikoen maitasun eta begirunearen jabe.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, martxoak 10ean Murgian burututako Batzar Orokorrean, gehiengo osoz erabaki zuen elkarteko urrezko domina ematea, Behe Nafarroako folklorearen zatirik handienaren bilketa lanean egindako merezimenduengatik.

Migel Anjel Sagasetaren ekarpen honegatik ez balitz, gaur gure herriko plazetan dantzatzen diren Jautzi anitz galduak lirateke.