Bi ekimen aurkeztu dizkigu Gasteizko Udal Folklore Akademiak, dantzarako gonbitea dakarte biek ala biek. Batetik, urteroko Dantza plazan zikloa abiatuako dute maiatzaren 4ean. Bestetik, maiatzaren 12an Dantzatzen, kalez kale emanaldiarekin hiriko plazak hartuko dituzte dantzari txikiek.
Gasteizko Udal Folklore Akademiak (GUFA) urteak daramatza Dantza plazan egitasmoa aurrera ateratzen. Hiru elementu barne biltzen ditu ekimenak: batetik, akademiako musikariek dantzak zuzenean jotzen dituzte; bestetik, dantza maisuek dantza horiek bertan azaldu eta irakasten dituzte; eta, hirugarrenik, publikoaren parte-hartzea. Helburua hori baita “hiritarrei ikuskizun ireki bat eskaini, eta publikoari aukera ematea parte hartzaile eta ikusle izateko aldi berean, euskal dantzak dantzatuz”. Horrela azaltzen digu GUFAko zuzendari Roberto Álvarezek, emanaldiak duen alderdi pedagogikoa azpimarratuz.
Maiatzean bost dantza plazan izango dira: hilak 4, 11, 18 eta 25 arratsaldeko 8etatik aurrera Espainia plazan. Ordutegi berarekin, ekainean beste bost izango dira aukeran: hilak 1, 8, 15 eta 22an, azken hau Sefarad plazan izango da, gainerakoak Espainia plazan. Abuztuan berriz, hiriko jaien egitarau barruan, hilak 9 Aihotz plazan arratseko 19:30ean izango da zita. Ekimena irailak 7 bukatuko da, Salburuan 19:30ean.
Kalez kale
Maiatzak 12an, berriz, dantzari txikien unea izango da. Izan ere, Dantzatzen, kalez kale ekimenarekin hiriko plazak dantzaz beteko dituzte. Horretarako lau plaza hautatu dira: Arka, Urrezko Zeledoien plaza, General Loma eta Andra Mari Zuriaren plaza. Hiru dantza taldeko dantzari gaztetxoak arituko dira, Gasteiztik Indarra eta Folkore Akademiakoak izango dira eta Laudiotik Itxarkundia taldea.
Dantzan, 12:30ean hasiko dira lehengo hiru plazetan aldi berean, 13:45ean denak batera Andra Mari Zuriaren plazan azken saioa eskaintzeko.