Txistu kontzertua Silboberrik, Durangoko Azokaren bueltan

Gaur hasi eta igandera arte zabalik egongo den 52. Durangoko Azokan, bere txokoa izango du Silboberri elkarteak, Durangaldeko stand-ean. Bi lan argitaratu berri jarriko ditu salgai bertan. Horrez gain, Txistua XXI. Mendean zikloko kontzertua izango da abenduaren 9an, 19:30etan San Frantzisko elizan, doan.

Durangoko Azokak gaur ireki ditu ateak, 52garrenez, eta hura bisitatzeko aukera izango da igandera arte, abenduaren 10era arte.

Azoka horretan bere stand-a jartzen du Durangaldeak, eta bertan toki bat izango du aurten ere, Silboberri elkarteak. Besteak beste, salgai izango da, 25 euroan, argitaratu berri duen Pack New of Cotillons, karta sorta musikal baten historia bitxia lana. Gasteizko BiBat Museoan azaldutako XVIII. mendeko karta baraja bat du oinarri, txistu, silbote, txistu handi eta pianorako hainbat moldaketa proposatzen dituena. José Antonio San Miguel konpositoreak egin ditu moldaketak, eta hainbat bariazio gehitu dizkio Aitor Amilibiak.

Era berean, Orpheus diskografikak kaleratu berri duen Iñeruntz, Basque Impressions II diskoa ere eskuratu ahal izango da 13 euroan. Aitor Amilibia aritu da txistuan, eta Jose Antonio Hontorio, akordeoian.

Bestalde, urtero bezala, Txistua XXI. Mendean zikloko kontzertua prestatu du Silboberrik abenduaren 9rako. San Frantzisko elizan izango da, doan, 19:30etan hasita. Silboberri&IbarrondoSabor a jengibre izenburua jarri diote, eta bi zati izango ditu. Hasteko, Felix Ibarrondoren hiru obra estreinatuko dira izango dira: Ayeo (Txistua: Aitor Amilibia); Rosseta (Pianoa: François Rossé); eta Aruntzka (Akordeoia: Jose Antonio Hontoria. Flauta: Xabier Calzada. Klarinetea: Sergio Barranco. Biolina: Maddi Arana. Txeloa: Ivan Casado. Perkusioa: Elur Arrieta. Pianoa: Iñar Sastre. Zuzendaritza: Txaber Fernandez). Eta segidan, beste hiru obra joko dira: Maria Eugenia Luc-en Zargan (Txistua: Sergio Torices); Iñaki Estradaren Hiru (Txistua: Iñaki Martin eta Fernando Aurrekoetxea. Perkusioa: Elur Arrieta); eta Mikel Chamizoren Danbor (Txistua: Iñaki Martin eta Fernando Aurrekoetxea). Bi zatiak bukatuta, ordea, bis bat ere izango da, bi inprobisatzaileren eskutik: François Rossé eta Iñar Sastre.