Bilboko Itsasadarreko Txistularien omenezko Plaka, El Perro kaleko biltoki historikoan

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte bete ditu aurten, eta ospakizun hauetan murgilduta, Elkartearen sorrera sustatu zuen Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldearen omenezko plaka jarri zen atzo eguerdian, Bilboko El Perro kalean; 1926 urtean zehar talde honek bilkurak egiten zituen lekuan. Ekitaldian hartu dute parte Juan Mari Aburto, Bilboko Alkateak, Udaleko hainbat zinegotzik, Bilboko Udal Txistulari Bandak eta Iñaki Eguren, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakariak.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak oroigarritarako plaka jarri zuen atzo eguerdiko 12:00etan Bilboko Alde Zaharreko El Perro kalean, Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldearen omenez.

Hain zuzen, talde honek kale horretan zegoen El Perro taberna-jatetxean egin zituen bilkurak 1926 urtean zehar, ondoren, 1927an Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortzeko.

Ekitaldia hasteko, Bilboko Udal Txistulari Bandak harrera egin zieten bertaratutakoei. Besteak beste, ekitaldiari babesa eman zioten Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak; Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak; Luis Eguiluz, Bilboko Udaleko PPko bozeramaileak eta Beatriz Marcos eta Oscar Fernandez, PPko zinegotziek; Aitziber Ibarbarriaga, Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaileak; eta Carmen Muñoz, Bilboko Udaleko Udalberriko bozeramaileak.

Txistulariek Agur Jaunak jo bitartean estalgabetu zuten plaka Juan Mari Aburto alkateak eta Iñaki Eguren, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakariak, eta Ohorezko Aurreskuaren ondoren, lehendakariak hartu zuen hitza. Elkartea sortzeko lanean aritu zen Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldeko kideak gogoratu zituen, eta era berean, Elkarteak 90 urte hauetan egindako lana goraipatu zuen. «Talde honek, besteak beste, txistulariak elkartu eta elkarlanean aritzea sustatu zuen. Horrez gain, gaur egunera arte iritsi den Txistulari aldizkaria argitaratzen hasi zen, eta dagoeneko, 9.000 musika orrialde argitaratu dira. Musika tresna bati eskainitako Europako aldizkari bakarra da».

Juan Mari Aburto alkateak, bestalde, azpimarratu zuen «Bilboko Udalak ate zabalik» hartu zuela ekitaldia babestu eta bertan parte hartzeko proposamena, eta txistularien lana goraipatu zuen. «90 urte egin izanak erakusten du iragana baduzuela, eta argi dago oraina eta etorkizuna ere izango dituzuela».

Bilboko Itsasadarreko Txistulariak taldearen omenezko plaka Bilboko Alde Zaharreko El Perro kaleko 2 eta 4 zenbakien artean jarri da, bertan baitzegoen talde honek bilkurak egiteko erabili zuen El Perro taberna-jatetxea. Aurrerantzean, publikoaren bistan izango da, talde honen lanaren oroigarri.

 

Bilboko Itsasadarreko Txistulariak, eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen sorrera

Bilboko Itsasadarreko Txistulariak izena hartu zuten 1926an bildu ziren txistulariek. Euskal Herri osoko txistulariak elkartu eta musika-tresna hau sustatzeko elkarte bat sortu nahi izan zuten, eta baita sortu ere; 1927ko irailaren 20an Arraten (Eibar) egin zen aurten 90 urte bete dituen Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortzeko batzarra.

Batzar hori prestatzeko, baina, lan dezente egin zuen aipatutako taldeak, lehenago, non eta El Perro kaleko El Perro taberna-jatetxean.

Hain zuzen, 1926an Sandalio Tejada bizkaitarrak (1893-1971), abokatua eta euskal kulturaren sustatzaile sutsu, txistu ikasketak jasotzen zituen Mungian Eleuterio Lekueren, orduko udal txistulariaren eskutik. Elkarren arteko elkarrizketak piztu zion Tejadari Txistulari Elkarte bat sortzeko ideia, instrumentu honetarako egokia izango zen errepertorioa argitaratuko zuen boletin bat sortzeko helburuarekin.

Proiektua martxan jartzeko, Sandalio Tejada harremanetan jarri zen Manolo Landaluce, Bilboko Udal Txistulari nagusi zen urduñarrarekin; eta Martin Elola, Begoñako udal txistulariarekin. Bi musikari hauek Herrialde osoko danbolinteroen zerrenda eman zioten, eta Tejada karta bidez jarri zen harremanetan, haiekin. Horrela jarri zuten martxan Bilboko itsasadarreko txistulariak (Txistularis de la ría de Bilbao) taldea. Honakoek osatzen zuten, Landaluce eta Elolaz gain: Joaquin Landaluce, Manoloren anaia eta Bilboko bigarren Udal Txistularia; Luis Lopez de Bergara, Portugaleteko aurreneko Udal Txistularia; Mateo Atxurra, Alkortako (Getxo) aurreneko Udal Txistularia; Segundo Atxurra, Mateoren anaia eta Alkortako bigarren Udal Txistularia; Benito Albeniz, Las Arenaseko (Getxo) aurreneko txistularia; Daniel Albeniz, Benitoren anaia eta Las Arenaseko (Getxo) bigarren txistularia; Demetrio Garaizabal, Sestaoko aurreneko Udal Txistularia; eta besteren bat (datuak galdu dira).

Gainera, Manolo Landaluce harremanetan jarri zen Eduardo Gorosarri, Begoñako apaiz eta organo-jolearekin, eta hau lege kontuez arduratu zen, okasiorako hainbat partitura konposatzeaz gain, eta horrela, Elkarteko lehendakari izendatuko zuten.

Guztia prestatzeko Bilboko itsasadarreko txistulariak (Txistularis de la ría de Bilbao) astero biltzen hasi ziren, Bilboko El Perro tabernak zuen lokal berezi batean. Han, Tejadarekin batean, behar ziren ekintzak prestatu eta burutu zituzten.