Baztango sagar eta soka dantzen inguruan Larraldetarrek egindako lana, jendaurrera

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak argitaratzen duen ‘Txistulari’ aldizkarian bildu da Arizkungo Javier eta Patxi Larralde aita-semeek egindako ikerketa-lana, Baztango sagar dantzen eta soka dantzen ingurukoa. Horrez gain, partiturak eta bestelako hainbat datu ere bildu dira bertan.

Ostegunean egin zuten aurkezpena, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, eta bertan izan ziren Joseba Otondo, Baztango alkatea; Jose Inazio Ansorena, Donostiako Txistulari Bandako zuzendaria eta txistulari aski ezaguna; Javier eta Patxi Larralde, Arizkungo aita-semeak eta Baztango txistulariak; eta Jo ala Jo elkarteko eta Baztandarrak dantza eskolako txistulari eta sagar dantzariak.