Euskal Herriko Txistulari Elkarteak argitaratzen duen ‘Txistulari’ aldizkarian bildu da Arizkungo Javier eta Patxi Larralde aita-semeek egindako ikerketa-lana, Baztango sagar dantzen eta soka dantzen inguruan. Berreskuratutako piezak ere argitaratu dira. Ostegunean, 18:00etan aurkeztuko da Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, eta dantza erakustaldia ere izango da.
Euskal Herriko Txistulari Elkarteak 90 urte bete ditu irailaren 20an, eta urte hauetan guztietan, etengabeko lanean aritu da, txistua bultzatu eta aberastuz. Egiteko horretan, dudarik gabe, garrantzia handia dauka elkarteak urtean lau aldiz argitaratzen duen Txistulari aldizkariak, gure ondare musikala jaso eta zabaltzen baitu, txisturako idatzitako musikak nahiz txistuaren inguruko artikuluak argitara emanez.
Hain zuzen, azken alean bildu da, zorroztasunez eta maitasun handiz Javier eta Patxi Larralde aita-semeek urteetan zehar egindako ikerketa lana, Baztango sagar eta soka dantzak biltzen dituena. Bailarako txistulari eta dantzarien oroitzapenak berreskuratzeaz gain, garai batean erabiltzen ziren doinuak eta dantzarako pausuak berreskuratu dituzte, eta kasu batzuetan, zintzotasunez berridatzi, urteen poderioz sortutako erabilera eta trataera traketsak eragindako akatsak ezabatuz.
Lan horren emaitza da Txistulari aldizkariaren ale berezi honetan bildu dena, eta ostegunean bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean egingo den aurkezpenean. Bertan, xehetasun gehiago emango dituzte Larraldetarrek, eta baita Jose Ignazio Ansorena txitulari aski ezagunak ere, lanean laguntzaile fin izan duten aldetik.
Ekitaldia bukatzeko, Jo ala Jo kultur elkarteko eta Baztandarra dantza-eskolako txistulari eta dantzariek erakustaldi txiki bat egingo dute, eta aldizkariak eskuratzeko aukera ere izango da.