Argazkia: Pablo Axpe

Donostiako Udalaren Txistu Taldeak kontzertu berezia eskainiko du urtarrilaren 13an San Sebastian eguna iragartzeko. Hitzordua Udaletxeko areto nagusian izango da, eguerdiko 12etan. Bertan izango dira Eskola Gurutziaga abesbatza, Kresalako Haur Danborrada, Zuhaizti Ikastolako dantzariak, Donostiarra metal boskotea eta beste hainbat gonbidatu.

San Sebastian egunari aurre hartuz diosala egingo dio Donostiako Udalaren Txistu taldeak hiriko patroiari. Horretarako noski, musika baliatuko dute ondoan hainbat lagun dituztelarik urtarrilaren 13an udaletxeko areto nagusian emango duten kontzertuan. Eskola Gurutziaga abesbatza, Kresalako Haur Danborrada, Zuhaizti Ikastolako dantzariak, Donostiarra Metal Boskotea eta beste hainbat lagun izango dira oholtzan txistulariekin batera.

Hitzordua 12etan hasiko eta sarrera dohakoa izango da aretoa bete arte. Emanaldian, Donostian esanguratsuak izan diren pertsona ugari izango dituzte gogoan beraien sorkuntza ezberdinen bitartez: Jose Olaizola, Inozenzio Gaztelumendi, Victoriano Iraola, Juan Cuadrado edo Luis Udakiola, adibidez.

Egitaraua

Gure Donosti obrak emango dio hasiera kontzertuari Jose Olaizola musikariaren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena gogora ekarriz; Hernanin jaioa, noraino donostiartu zen erakusten duen obrarekin. Inozenzio Gaztelumendi hondarribitarra bezalaxe, gazte Donostiara etorririk bertan eman zituen bizitza musikaleko ondoriorik ederrenak, Santa Zezilia abesbatza sortu esaterako. Donosti zarra pasodoblea joaz ekarriko dute gogora.

Victoriano Iraola, zeinen heriotzaren ehungarren urteurrena betetzen den 2019an, Raimundo Sarriegiren abestietarako bertso egile sarriena izan zen. Iraolaren mendeurrena gogorazteko asmoz bere testuak dituzten bi abesti eskainiko dituzte txistulariek Eneko San Sebastian eta Haizea Muñoz bakarlariekin batera: Ume eder bat edo Petra txardin saltzaillia, esaterako.

Joandako urtean hil zen Luis Udakiola txistulari eta biolin jolea ere oroituko dute kontzertuan Zuhaiztiko haur dantzarien laguntzaz, laster helduko diren ihauterietarako hark prestatutako doinu barregarri eta zaratatsuak joaz. Eta azkenik, Ibon Casas musikari donostiarrak sortutako rock itsua estreinatuko da lehen aldiz txistu talde eta danborradarekin jota; honen asmoa, Casasek jaiotzez duen gaixotasunaren ezagutza zabaltzea: erretinosi pigmentario kongenitoa. Apaga la luz y verás abestiak bide horri ekin dio, orkestra, musika banda eta tankera guztietako musika talde jo dutelarik azken urteetan eta lehen aldiz txistulari eta danborradak eskainiko dute.

Kontzertu berezi honekin San Sebastian patroiaren ospakizunei hasiera emango zaie giroa eta hiria prestatzen has dadin.