Iruñeako Udalak antolatutako “Kultur garaikidezko begiradak” zikloan, txistuak bere lekua izango du Haize Hegoak txistu bandaren eskutik. Talde nafarrak kontzertua eskainiko du martxoak 16an, San Jorgeko Civivox-ean 19:30ean.

Haize Hegoa txistu banda Xabier Olazabal, Aitor Urkiza, Ainara Martínez, Karlos Peñaranda eta Beñat López musikariek osatzen dute. Martxoak 16ko emanaldirako Iker Oiz bideo sortzailea batuko zaie. Izan ere, kontzertua “diziplina anitzeko proposamen” gisa aurkezten dute, musika eta bideo-proiekzioa bateratuko dituena.  Ardatza, txisturako propio sortutako obra garaikideak izango dira. Txistuarekin batera elektronika, akordeoia  eta perkusio tresnak izango dira entzungai.

Estiloari dagokionez,  musika tonaletik joera berritzaileenetara jorratzen dituzten musikagile garaikideen obrak joko dituzte: Joaquín Lecumberri, Hilario Extremiana, Maria Eugenia Lluc, Joxean Llorente eta Urtzi Iraizoz. Hauez gain, Rodrigo de Santiagoren bi lanek osotuko dute errepertorioa.

Egitaraua

-Honai – Hilario Extremiana

-Hiru gutixi – Urtzi Iraizoz

-Suite Atlántica – Joaquín Lekumberri

-Nocturno y Final – Rodrigo de Santiago

-Fantasía Homenaje – Rodrigo de Santiago

-Zugarramurdi – Urtzi Iraizoz

-Zargan – María Eugenia Lluc

-5 Apuntes para txistu – Joxean Lorente

 

Informazio gehiago hemen.