Txistu egun arrakastatsua Murgian

Giro onean eta parte-hartze handiarekin joan zen aurtengo Txistu Eguna iragan larunbatean, martxoak 10. Bost urte ziren Euskal Herriko Txistu Elkartearen (EHTE) Batzar Orokorra Araban eginten ez zela, eta bazkideen erantzuna bikaina izan zen, 100 txistulari baino gehiago bildu baitziren Murgiako ekitaldietan.

Goizeko 9:30etan Murgiako plazan bildu ziren txistulariak, aurreikusi bezala goiz-deia jotzeko. Taldea zuzentzen Jose Luis Cantabrana izan zen eta ohiko talde argazkiaren ostean, Aro Berriak biribilketarekin eman zioten hasiera kalejirari. Zahar-etxera heltzean Martina Frantziska Ansorenari omenaldia egiteko tenorea iritsi zen. Ganbara abesbatza zegoen bertan zain, agurra abesteko prestu. Besteen artean, Prantxiska Martina arin-arina jo eta dantzatu zuten zahar-etxearen aurrean, omenaldiari bukaera emanez. Zoritxarrez, gaixotasun bat tarteko, omendua ezin izan zen bertan izan.

Ondoren, pausua arinean, Murgiako kaleetan txistu doinuak zabaltzeari ekin zioten, berriro, Euskal Herri osotik etorritako txistulariek. Ostean, hamaiketakoa, indarrak bildu eta bazkideen artean hitz eta pitz ibiltzeko parada bikaina, kalejirari berrekiteko gero. Orduan, euri txikiren bat agertu bazen ere, eguraldiak eutsi zion egun osoan.

Herriko plazan, Iñaki Eguren EHTEko lehendakari eta Unai Gutiérrez Urkiza Zuiako alkatea zeuden zain. Alkate soinua joz, agintarien harrera ekitaldiari ekin zitzaion orduan. Jarraian, Udaletxe barruan Ohorezko Kontrapasa Araba Txistu Bandaren eta Zuia Dantza Taldeko dantzarien eskutik etorri zen. Elkartearen izenean, lehendakariak, oroigarria eman zion Zuiako alkateari, eta bien hitzaldi labur batekin bukatutzat eman zen ekitaldia.

Batzar Orokorra

Goizeko hamaikak aldera, txistulariak, Murgiako Kontsejuko eraikin berrira bertaratu ziren, Batzar Orokorrari ekiteko. Eraikin berriaren aurrean, berritasun gisa, elkarteak, denda txiki bat paratu zuen. Diskoek beherapen nabarmena zuten salneurrian eta, bazkide askok, beren fonotekak osatzeko probestu zuten.

Batzarra, minutu bateko ixilunearekin hasi zen, elkarteko bazkide zenduak gogoan. Ondoren lehendakariak aletu zituen eguneko gaiak. Aurreko akta onartu eta aurkeztutako kontuak ere aurrera atera ziren ahobetez. Hartutako erabakien artean azpimarratzekoa, Migel Anjel Sagasetari elkarteko urrezko domina ezartzea onartu zela. Baita, zuzendaritza eta ordezkaritzak berritu zirela. Iñaki Egurenek lehendakari gisa jarraituko beste bi urtez. Joseba Tobes lehendakariordeak, Jose Luis Cantabrana idazkariak eta Jon Antxia diruzainak osatzen dute elkarteko junta berria.

Proiektuak

Proiektuen zakua bete-betea aurkeztu zuen zuzendaritzak. Maitatia minus one izeneko lana, partiturak eta minus one moduan erabiltzeko grabaketak barnebiltzen dituen disko-liburua, Jose Ugartek finantziatutako egitasmoa.Txistulari gazteekin lan egiteko topagune bat eratzea eta Txistulari Gazteen Eguna antolatzeko asmoa. Practice Your Music programan txistua txertatzea. Elkartearen artxiboa digitalizatzea, osatzea, zabaltzea eta berreskuratzea. Bigarren edizioa izango duen Txisturako Konposizio lehiaketak berrikuntzak ekarriko ditu oinarrietan. Eskuak bete lan beraz.

Bestalde, lehendakariak goraipatu zuen Nafarroan txistulariek egiten ari diren lan eskerga eta bestetik, eskertu egin zuen Jose Luis Cantabranak aurtengo Txistu Egunaren antolaketan egindako lana. Hitz onak izan zituen baita, elkarteko langile ohi Leire Goñirentzat eta junta uzten duten Javier Garrido eta Eleder Iturrieta kideentzat.

Azken txanpa

Behin batzarra bukatuta, plazara aldatu ziren txistulariak. Bertan ziren Bidebarri Dantza Taldeko kideak, erromeriari ekiteko , prest. Ordu bete inguruko dantzaplazan burutu zuten, publikoaren parte-hartzearekin eta giro ederrean. Jarraian, musikariak, merezitako bazkaria hartzera joan ziren, 95 bildu ziren mahaiaren bueltan, egunari umore onean eta txistuaren doinuaz bukaera (ofiziala) emateko.