Argazkiak eta bideoa: Bilaka kolektiboa
Baionatik datorren proposamena da Bilaka kolektiboa. Dantzariak eta musikariak biltzen dituen proiektuaren baitan, Bal dantzaldiak ematen hasi dira, euskal dantzak eta europarrak eskainiz. Hurrengo hitzordua Lapurdiko hiriburuan izango da otsailak 22an.
Euskal Herriko dantzaldi herrikoien inguruan dinamika berri bat bultzatu nahiean, Bilaka kolektiboko musikariak Bal dantzaldiak eskeintzeari ekin zioten urrian. Lehen emenaldia Arrangoitzen urriaren 4ean ospatutako Mutxiko Egunean izan zen. Gerora Italiatik ere ibili dira hainbat jaialditan parte hartuz. Euskal Herrira bueltan, hurrengo hitzordua Baionako Magneto aretoan izango da, otsailaren 22an 20:30ean.
Txistua, trikitixa, silbotea, txirula, perkusioak, bonbardinoa, biolina… darabilten musikariek osatzen dute Bilaka kolektiboko musika saila. Besteak beste, Maddalena Luzzi, Pauline Lafitte, Jokin Irungaray eta Vianey Desplantes aritzen dira.
Euskal Herriko herrikoi dantzak, jauziak, fandangoak, kadrillak, entrexat, cercle circassien… errepertorio zabala eskaintzen dute Bal dantzaldietan, giro herrikoian jendea dantzara eramanez eta anitz influentziari leku eginez.
Bilaka kolektiboa
Bilaka, Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren Koreografia zentru gisa definitzen da. “Baionan kokatua euskal dantzaren sustraietan eta adierazpen abangoardistan barna ibiliz musikaren eta dantzaren garapena sustatzeko sorkuntza espazio bat da Bilaka”.
Gehiago zehaztuz”Euskal Herriko dantzan eta musikan adituak diren kideak elkartzen ditu. Mugen barnean eta kanpoan, haien kultura ordezkatzeko gogoa duten musikari eta dantzariak” alegia. Hainbat ikuskizun ere sortuak dituzte, bere webean kontsulta daitekeenez..
“Errituetaz, gizarte dantzetaz eta euskal tradizioaz adituak diren guziak gomitatuak dira Bilakaren proiektua dinamizatzera. Euskal Herriko ondare immateriala zaindu, garatu eta zabaltzeko gai izango diren oinordeko artistak formatzea da helburua, beti ere zorroztasun handiz.Dantza, musika eta kantua, hauek dute erraiten zer den Euskal Herria. Haren nazio arteko ospea segurtatzen dute eta garapenaren eragile dira. Bilaka-k Euskal Herriko irudia baloratu nahi du eta haren fama goraipatu munduan zehar”.