EHTEk 1936ko gerraren aurretik publikatu zituen Txistulari aldizkariaren 10 aleak gure webean eskuragarri jarri ostean, garai horri dagozkion gainerako 21 aleak digitalizatu ditugu. Ondare hori eskuragarri jarriko dugu pixkanaka gure web gunean. Oraingoan hamaikagarren alea dakargu hona.
Euskal Herriko Txistulari Elkartea 1927an jaio zen. Txistulari aldizkaria, berriz 1928ko martxoa-apirilekoa du lehenengo zenbakia. Aldizkaria gerrarekin bere jarduna eten eta berrabiatzerakoan hutsetik hasi zen, horregatik bi garai bereizten ditugu: gerra-aurrekoa eta ostekoa. Oraingoan, garai horretako 11. alea dakargu hona.
Gerra aurreko lehenengo ale guztiak digitalizatu ditugu, eta pixkanaka webean, bazkideen esku jarri ditugu, orotara 31 ale.
Hamaikagarren zenbakia
1929ko azaro-abenduari dagokion alea da Txistulari Aldizkariko 11. zenbakia. Argitalpena bazkideentzako opari baten berri emanez hasten da, elkarteak Iztuetaren liburuaren 200 ale jaso baititu opari. Liburu horren berrargitalpenari ere, artikulu bat eskaintzen diote.
Aurreskua hizpide da berriz, Descripción del aurresku en 1879 y consideraciones del txistulari de hace cincuenta años artikuluan. Idatzia, Juan Mañer y Flaquer idazlearen El oasis, viaje al País de los Fueros liburutik aterata dago. Aurreko Txistularin agertutako artikuluaren jarraipenarekin darrai aldizkariak, Francisco Uriartek sinatutako La filosofía del txistu idatziarekin.
Azpiri izeneko batek, euskal eszena bat deskribatzen digu Tarde de Romería testu laburrean. Jarraian, Irizarrek hainbat gai lantzen ditu gure musikatresnaren inguruan artikulu, hau ere laburra, batean. Musikaren atalaren ostean, literaturak txistuaren jatorriaren gaiari heltzen dio Javier Gomez de Iturramaren lumatik. Aita Donostiak berriz ¿Que es música popular? galdera du abiapuntu bere gogoetetarako.
Dunixi delako batek, kutsu literarioko artikulua eskaintzen die txistularieei eta dantzariei buruz zabal dihardu Martin de Angiozarrek hurrengo orrialdeetan. Izenik ez darama, berriz, jarraian doan idatziak zeinean txistulariak euskal ispirituaren babesle gisa aurkezten dituen.
Cabos sueltos izeneko sailean, askotariko berriak labur-labur lantzen dira, azken deialdi batekin bukatzeko aldizkaria: Txileko euskaldunek txistulariak behar dituzte.
Hamaikagarren atal honetan, ez da euskarazko idatzirik jasotzen.
Musika atala
Honako hiru partiturak argitaratzen dira ale honetan: Zezenetakoa Jose Uruñuelak egina, Marcha Vasca izenburupean F Jose Martinek sortu eta Luis Aranburuk moldatutakoa eta Bonifacio Laskurainen Contrapas Jose M. Gonzalezek moldatua.
Benetako altxorra, datu interesgarriz eta bitxikeriaz betea, bazkide guztien eskura pdf formatuan deskargatzeko aukerarekin. Benetako oparia.
Aldizkaria ikusteko klikatu hemen (soilik erregistratutako bazkideentzat eskura).
Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era.
Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.
Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eus-era