Disko berria aurkeztuko du Ordago Folk taldeak Durangoko Azokan

2DAIAN izeneko lan berria kaleratuko du Ordago Folk talde arabarrak Durangoko Azokarako. Jose Luis Cantabrana txistulariaren taldeak autoekoizpenera jo du beren bigarren diskoa argitaratzeko. Abenduaren 7an zuzenean joko dute Ahotsenean.

Zuiako (Araba) folk taldea da Ordago, zeina 2014an sortu baitzuten musika tradizionala, sorkuntza eta ikerketa osagai izanik. Jose Luis Cantabranak txistua eta ahotsa ematen die taldeari, Jose Antonio Fernandéz (akordeoia),  David Delgado (biolina), Felix Pedrosa (klarinetea, gaita, saxoa)
eta Alfonso Rojorekin (perkusioa) boskotea osatuz. Durangoko Azokaren abaroan, disko berriarekin datoz besapean: 2DAIAN.

Lan berria, ibilbideko bigarrena da, aurrez 2016an Lakrinkron izenekoa argitaratu baitzuten. 2DAIAN  hamar kantu jaso dituzte. Erdia sorkuntza berriak  dira, lau Jose Antonio Fernandez Ramirezek sortuak eta beste bat Jose Luis Cantabrana Otxoak konposatutako Zuia Mazurka. Gainerakoak herri doinuetatik Ramirezek eginiko moldaketak dira. Hitzei dagokionez, Ramirez bera, Cantabrana eta Felipe Zelaieta bertsolariak sinatutakoez gain Lazarragaren eskuizkributik hartutako kanta bat ere bada: Mendi Altuan.

Durango

Lana Durangoko Liburu eta Disko Azokan izango da eskuragarri autoekoizpenen stand-ean. Bi formatutan izango da aukeran: batetik, ohiko CD formatuan eta bigarrenik, pendrive batean, zeinean Ordagoren bi diskoak eta hainbat bideo barne bilduko dira. Horrez gain, zuzenean aditzeko aukera izango da Ahotsenean joko baitute abenduaren 7an goizeko 11:30ean.

Taldeari buruz gehiago jakiteko irakurri Txistu & Folka sailean eskaini genien artikulu hau.