Estreinaldia txistuak, Alemanian

Argazkiak: Jon Ansorena

Honako artikulu hau Leire Goñi txistulari eta kazetari hernaniarrak sinatzen du.

Jon Ansorena txistulari hernaniarra Leverkusenen izan da Txisturako Konposizio Lehiaketako obra saritua estreinatzen; Francisco Dominguez Roblesen Actually not!.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatutako 2018ko Txisturako Konposizio Lehiaketako saridunen berri eman zen urrian, eta obra irabazlea estreinatu da, non eta Alemanian.

Francisco Dominguez Robles, Ciudad Realeko konpositore gaztearen txistu eta flautarako Actually not! obra izan zen aurreneko saritua, eta Jon Ansorena txistulariak estreinatu du Michael Faust flautistarekin batera, Leverkusen hirian, azaroaren 3an. Izan ere, bertan egin zen Gargonza Arts-Interartes arte erresidentziako lanak argitaratzeko ekitaldia, eta hain zuzen, erresidentzia horretan idatzi zuen konpositoreak Txisturako Konposizio Lehiaketa irabazi duen obra hau.

Txistuarekiko interesa, nazioartean

Erresidentzia egonaldiko lanak estreinatzeko kontzertua Leverkusen hiriko Kustverein Leverkusen Schloss Morsbrich eskolako V. aretoan egin zen. Bertara gonidatu zituen Dominguez konpositoreak Jon Ansorena txistularia eta Michael Faust flautista.

Publikoaren aldetik oso harrera ona jaso zuen, bereziki, txistuak berak. Izan ere, askorentzat bitxikeria zena, txistua, ezagutzeko aukera sortu zuen emanaldiak. Tartean, hainbat konpositore ezagun ere baziren, eta txistua eta honen familiarekiko interesa erakutsi zuten. Horietako bat, Péter Eötvös mundu mailan famatua den zuzendari eta konpositorea.

 

Konpositore berriak, txistua ezagutzen

Obra garaikidea da oso, Dominguezen Actually not!; txistua, silbotea eta txistu baxurako eta flauta altua eta sopranorako konposatua. Udaberrian idatzi zuen, Italian, Gorgonza Arts-Interartes arte erresidentziako egonaldian zen bitartean. Erresidentziako kideekin batera egindako irteera batean oinarrituta, esperientziaren berri kontatu zuen Katarzyna Fetlinska literatura ikasleak poema batean, eta hori izan du inspirazio iturri Dominguezek, obra hau idazteko. Dominguezen esanetan, «sineskeria indibidual edo kolektiboak eta errealitatea kontrajartzearen inguruko metafora» adierazten du poemak, eta horrek bultzatu zuen obra idaztera. «Soinua sortzeko fonetika erabili nuen batetik, eta, bestetik, eduki pragmatikodun zatiak osatu nituen. Txistua eta flauta aukeratu nituen giza ahotsaren gertukoak direlako, eta instrumentuaren hotsa fonetikaren nahastea ahalbidetzen didatelako» .

Lehendik ezagutzen du txistua Dominguezek, eta ez da aurreneko aldia, bere konposizio lanetarako kontuan hartzen duena. Musikene, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian ezagutu zuen txistua konpositoreak, eta ikaskide izan zuen Jon Ansorena Mujika txistulariarekin hainbat proba egin izan ditu, txistuaren artikulazioa eta soinuak ezagutzeko. Hain zuzen, obra honen aurretik ere, Ansorenak berak osatzen duen Trio Zukan hirukotearentzako bi obra konposatu ditu.