Aiko Drums, danbolin berri baten xerka

Argazkia: Aiko taldea

Aiko taldeak Ezpelarekin elkarlanean danbolin, atabal eta danborren ekoizpenera salto egin du, bere marka propioa sortuz: Aiko Drums. Prestazio berrien bila, itxuraldatu dute musikatresna bera, eta material berriak ere erabili dituzte: karbono zuntza kasu. Eskainiko dituzten lau masterklasetan txistulariek bertatik bertara probatzeko aukera izango dute.

Erromerian, diskogintzan eta dantzaren dibulgazioan aritu da orain arte Aiko taldea. Orain, langintza berrian sartu da buru belarri. Horretarako Aiko drums marka sortu du, Ezpelako Raul Parienterekin elkarlanean. Ekoizpenaz Ezpela arduratzen da, Aikokoen gidaritzapean. Danbolinak, danborrak eta atabalak sortu dituzte, ikerketa eta bide berriak jorratuz. Nolabait, etorkizuneko danbolinaren xerka abiatu dira. Izan ere, Sabin Bikandi taldekidearen ustez, txistuaren eraikuntzan garapen nabarmena eman den bitartean, danbolinen arloan, musikatresna “ertaroko parametroetan” geratu baita.

Beren produktua aurkeztu eta jotzaileen eskura jartzeko, debaldeko 4 masterklas antolatu dituzte: azaroak 23 Bilbon, 24an Iruñean, abe nduak 1 Errenterian eta 2an Gasteizen. Ipar Euskal Herrian aurkezpena egiteko nahia ere azaldu dute Aikotarrek. Masterklaseen inguruko zehaztasunak berri honetan dituzue.

Ekimena sustatu nahian, produktu berriekin jotzen jarri dituzte hainbat musikari: Garikoitz Mendizabal, Jon Gaminde, Vicent Zaragoza, Asier Garcia, Aitor Urkiza… Estudioan sartu eta hainbat dantza grabatu dituzte, baita obra garaikideren bat ere. Ikusgai eta entzungai dituzue hemen.

Hona dakargun bideoan, produktu berriok aurkezten dituzte: