Metalezko txistua

Iñaki Solatxi Landaluzek (1944, Lezama -Araba-) ez du nolanahiko txistua. Bere musikatresnak, mende erdia izan dezakeela argitu digu. Gaztetan, hamazortzi bat urterekin, danbolin apurtua konpontzeko asmoz Bilbora joan zenean, txistu berriarekin etorri zen bueltan: metalezko txistua.

“Ez ziren asko ikusten, baina gaztetan badakizu, nabarmentzea gustatzen zitzaidan eta horregatik, txistu berezia iruditu zitzaidalako erosi nuen. Askok, ez zuten gustoko, baina ni pozik ibiltzen nintzen.” Horrela azaldu digu Iñaki Solatxi amurriarrak. Ez du pista handirik, bere txistua nork egina den eta zerezkoa den zehazterako orduan. Horregatik, Amurrion garela probesturik, eta metalezko txistua eskuan, Jose Mari Gancedo txistugilearengana jo dugu.

Bere tailerrean hartu gaitu Jose Marik. Gure altxorra erakustean, berehala eman dizkizgu hainbat datu: latoizkoa da txistua, zink bainu batekin. Fa#ko metalezko txistuak 48 urte erraz izan zitzakeela argitu digu. Berak ere ikusiak zituen horrelakoak, gutxi, ez baitzuten arrakastarik izan bere garaian. Iñakik ere esana zigun: “nik ez nuen ezagutu horrelako txisturik zuen beste inor”. Egiletzari buruz, Gancedok Txelu izeneko bilbotar bat izan zitekeela baina ezin zehaztu, hala ere “badakit norengana jo”esanaz bat, telefonoa hartu eta, Mikel Bilbao txistulari ospetsuarengana jo du.

      I.Solatxiren txistuaren detaileak.

Mikel Bilbaok azkar eman dizkigu datu berriak. Egilea, dudarik gabe, Jose Luis Etxebarria “Txelu” dela esan digu. “Begoñako Garaizarren bizi zen Jose Luis. Fundiciones Ituarten lan egiten zuen, Castaños kalean, funikularraren ondoan.” Dindirri dantza taldean eta Galdakaoko Andra Marin aritua zen Etxebarria. Duela bi urte hil zela ere, zehaztu digu Mikelek.

Informazio guzti horrekin, internetera jo dugu eta berehala topatu dugu gure metalezko txistuaren egileari buruzko datu ugari, istorioa baieztatuz. Jose Luis Etxebarria Goiri metalezko txistuaren asmatzailetzat ere jotzen dute zenbaitek.

Azken urrats bat, Soinuenea fundaziora jotzea izan da. Juan Mari Beltranek sustatutako Herri Musikaren txokoan bisita birtuala eginda, bertako erakusketan metalezko txistu bat badutela ikusi dugu. Igorri diguten informazioak bi ale dituztela argitzen digu. Bat bizkaitar jatorrikoa da eta bestea gipuzkoarra.

Airean galdera batzuk geratu diren arren, lortutako erantzunekin Iñakirengana jotzen dugu, ikasitakoa elkar banatzeko asmoz. Arcadio Latorre eta urduñako Joseba Larrieta Mordaranekin ikasi zuela kontatzen digu. Baita, bere txistuaren abantaila baten berri eman “txistuaren mihia erraz mugitu daiteke, horrela txistua gehiago putz edo gutxiago putz egiteko moldatzen nuen, egunean nuen indarraren arabera” diosku irribarretsu.

Sorpresa, baina, bukaeran heldu zaigu. Denbora guzti honetan, non eta gure web-gunean bertan izan baitugu metalezko txistua guri begira. Ea, zuk ere, irakurle topatzen duzun.

Gehiago jakiteko:

Metalezko txistuari buruz

https://www.soinuenea.eus/es/bisita/

https://www.soinuenea.eus/eu/txistua/er-30310/r-30310/

https://www.soinuenea.eus/eu/txistua-txistu-metalikoa/er-31120/

Txistugileari buruz

https://eu.wikipedia.org/wiki/Jos%C3%A9_Luis_Etxebarria_Goiri

http://www.eitb.eus/es/cultura/detalle/3147024/jose-luis-etxebarria-goiri–fallece-dantzari-txistulari/

http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/artikuluak/artikulua.php?id=eu&ar=68594

http://www.corogaraizarkomatsorriak.eus/directores-anteriores/

Eskerrik asko Iratxe Solatxiri bere laguntzagatik.