Pasa den igandean eman zuen kontzertua Urduñan, Getxa Goi Txistulari Taldeak. Kontzertu honi esker berreskuratu da Lapiko Domeka, herrian.
Lapiko Domeka aspaldiko ospakizun eguna da, Urduñan. Neskame eta morroiek ospatzen omen zuten, Inauteriak pasa eta hurrengo igandean. Noski, Inauterietan lanean aritu behar izaten baitzuten. Urte batzuetan, ordea, galduta egon da ospakizun hau, baina Getxa Goi Txistulari Taldeak berreskuratu du.
Aiaraldea aldizkariari azaldu dio Koldo Ulibarri Orueta, txistulari taldeako kideak, kontzertu hau Inauteriak pasata ematearen arrazoia. «Kontzertu bat egin nahi genuen baina Aratusteetan ekintza asko egiten direnez, hurrengo asteburura pasatzea erabaki genuen». Horrela ba, ospakizun eguna bihurtu da berriro Lapiko Domeka, eta harrera gero eta hobea dauka ekimenak, Ulibarriren esanetan.
Ospakizunarekin batera, gainera, herri abestiak ere berreskuratzen saiatzen ari dira, eta zabalpena ez dute herrian bakarrik egiten, beste leku batzuetako txistulariak ere gonbidatzen baitituzte kontzertura. Iaz, Laudioko Ekin-Joleak txisulari taldeak hartu zuen parte, eta aurten, Basauriko Tanborin Txistulari Elkarteak.