Txistuari eta Txistulari Bandari babesa erakusteagatik eskerrak eman nahi izan dizkio Bergarako Txistulari Bandako zuzendari berriak, Jose Migel Laskurainek, Udalari. Bergarako Agurra sortu du horretarako, eta igandeko kontzertuan estreinatuko dute.
Bergarako Txistulari Bandak hainbat aldaketa izan ditu azken hilabeteetan. Besteak beste, Ramon Etxanizi Jose Migel Laskurainek hartu dio erreleboa zuzendaritza lanetan, eta taldera hainbat txistulari berri gehitu dira.
Horretan guztian, Udalaren babesa izan dutela nabarmendu du Laskurainek, eta hori eskertzeko, Bergarako Agurra pieza sortu du. Igande honetako, otsailaren 25eko kontzertuan estreinatuko du Bergarako Txistulari Bandak berak, Udalari eta herriari eskainiz. Eguerdiko 13:00ean emango dute kontzertua, udaletxean.
«Helburu bikoitzeko» Agurra
Urrian hartu zuen erretiroa Bergarako Txistulari Bandako zuzendariak, Ramon Etxanizek, eta Jose Migel Laskurainek hartu dio orain erreleboa. Horrez gain, «Bergarako Musika Eskolatik etorritako txistulari berriak ere sartu dira» taldean, Laskurainek berak azaldu bezala.
Berrikuntza horiek guztiak «Udalak egindako sakrifizio eta lanaren ondorio» izan dira, Laskurainen esanetan, eta horregatik sortu du Bergarako Agurra pieza. Zuzendari berriaren hitzetan, «helburu bikoitza daukan Agurra da». Batetik, «Bergarako dantzari eta txistulariek beren agurra propioa izatea, bisitari bereziak omentzeko». Eta bestetik, «Bergarako Udalari eskerrak ematea, azken bi urte hauetan txistuari eta Bergarako Txistulari Bandari erakutsitako babesagatik». Hain zuzen, horregatik estreinatuko du Txistulari Bandak berak, igandeko kontzertuan.
Hainbat modutara interpretatzeko pieza
Oinarrian, Bergarako Agurra txistu bakarrarekin interpretatzeko idatzi da. Horrela, jo ahal izango da, baita ere, txistulari banda oso batekin batera, edota pianoarekin. Eta kantatu eta dantzatu ere egin ahal izango da.
Aurrerago beste pieza berririk sortuko ote duen ere ez du baztertzen Jose Migel Laskurainek. «Bergarako Agurra sortu da beti buruan izan dudan ideia batetik. Garai batean, zuzendariak txistulari banda batean hasten zirenean, kontratuan bertan eskatzen zitzaien urtean hainbat pieza sortzeko, errepertorio askorik ez zegoela-eta. Ez dut pentsatu zenbatero eta zenbat idatziko dudan, baina egiten segiko dut».
Infomazio interesgarria: