Otsaila berezia izango da Donostiako Udal Txistulari Taldearentzat. Ohiko igandeetako hitzorduak ez ezik, Inauteriekin lotutako emanaldiak ere izango ditu.
Inauteriak badatozela nabaria da, eta Donostiako Udal Txistulari Taldeak hainbat hitzordu berezi izango ditu otsailean, arrazoi hori medio.
Hasteko, otsailaren 4an Iñude eta Artzainen konpartsarekin egingo dute bat txistulariek. Aurrena, igandero bezala diana joko dute 09:00etan; oraingoan, Artzain eta Iñudeak, Kresala eta Hau dek hau biribilketak joaz. Ondoren, 12:15etan, Konstituzio Plazan ariko da banda, baina Artzain eta Iñudeen konpartsa iristean bertan integratuko da taldea, zortziko eta sueltoko dantzak jotzeko (Artzain eta Iñudeen kontzertu bereziko programa).
Otsailaren 9an, berriz, Donostiako Orfeoiaren 120. urteurrenaren bueltan, Victoria Eugenia Antzokian ariko dira txistulariak eta abeslariak, elkarrekin. Iluntzeko 20:00etan hasiko da Donostiako eta Euskal Herriko kantak izango ditu ardatz emanaldia, eta sarrerak salgai daude, 15 euroan.
Inauteriak medio, otsailaren 11ko igandean ez dute, txistulariek, ohiko kontzertua emango. Baina goiz deiarekin dute hitzordua beteko dute, eta momentuak eskatzen duen bezala, mozorrotuta aterako dira kalera!
Hurrengo bi igandetan, ohiko hitzorduekin beteko dute. Dagoeneko prest dauzka Donostiako Udal Txistulari Taldeak otsailaren 18ko programa eta otsailaren 25eko programa.
Azkenik, otsailaren 28an, Iruñera egingo du bisita Donostiako Udal Txistulari Taldeak; hain zuzen, Pablo Sarasate Kontserbatorioko Auditoriumean joko du, bertako txistu ikasleekin batean, okasiorako prestatutako programa.
Ez da hau izango Donostiako txistulariek ikasleekin joko duten aldi bakarra. Izan ere, otsailaren 1 eta 8an Txistua Umore Onez lelopean kontzertu didaktikoak eskainiko dituzte hainbat ikastetxetan. Hilabete laburra, baina ondo kargatua espero dute, beraz, txistulariek, eta gozatzeko aukerak soberan izango dituzte, txistuzaleek!