Txistua herritik eta herriarentzat, Antxiñako Ama taldearen 50garren urteurrenean

Urteroko kontzertu berezia prestatu du Antxiñako Ama txistulari taldeak abenduaren 16rako. Zumarragako Beloki pilotalekuan izango da, 19:30etan, eta Zumarraga eta Urretxuko txistulariez gain, Euskal Herriko beste hainbat txistularik eta musikarik hartuko dute parte bertan.

Zumarraga eta Urretxuko txistulariak biltzen dituen Antxiñako Ama txistulari taldeak urteroko kontzertua antolatu du, abenduaren 16rako: “Txistua herritik eta herriarentzat”. Abenduaren 16an izango da, 19:30etan Zumarragako Beloki pilotalekuan. Ohi bezala, hainbat musikarik ere hartuko dute parte. Aurten, ordea, izango da berezitasunik: Antxiñako Ama txistulari taldeak 50 urte betetzen ditu.

Horrela, kontzertuan, Urretxu eta Zumarragako txistulariekin batera ariko dira Euskal Herriko beste hainbat txistulari ere. Eta haiekin batera, beste hainbat musikari: Goiargi eta Kimets abesbatzak, Maddi eta Garazi Martin kantariak, Mikel Alustiza abeslaria, Xabier Barriola abeslaria, Secundino Esnaola Musika Eskolako ikasleak, Zuhaitzaren Soinua Txalapartariak (25 urte betetzen dituzte aurten), Manuel García baxuan, Carlos Sagi perkusioan, Carlos Velasco gitarra elektrikoan, Javier Arratibel pianoan, Eduerne Iturbe trikitilaria eta Oihana Irastorza panderojolea, Gorosbel Metal Boskotea, Lurra Dantza Taldea eta Irrintzi Dantza Taldea (50 urte betetzen ditu aurten). Denak, Maria Jesus Arratibelen zuzendaritzapean.

Musikariak bakarrik ez, ordea; herritar guztiak ere gonbidatuta daude kontzertuan parte hartzera. Horregatik, errepertorio aski ezaguna prestatu dute: Oleskari Zaharra (Olaizola); Iluntzean (Alaitz eta Maider); Emaiogu bostekoa (Korrontzi); Maltzeta (Korrontzi); Iburreta fandangoa (Edurne Iturbe); Konstituzio plaza arin-arina (X. Solano); Kalejira (Herrikoia); Maria Solt; Jaun Baruak; Ataungo ardi beltza (Korrontzi); Gogoaren baitan (Anje Duhalde); Zapalduen olerkia (Ken 7).

Antxiñako Ama txistulari taldeak dei egin die txistulariei ere, kontzertuan parte hartu dezaten.