Euskararen Eguna izango da datorren abenduaren 3a, eta horren bueltan, ‘euskarak 365 egun’ egitasmoaren barruan, hainbat ekitaldi antolatu dira Donostiako Parte Zaharrean. Bertan ariko da Donostiako Udalaren Txistulari Banda.
Egun bakarra ez, euskararentzako, urteko 365 egunak dira aproposak. Hain zuzen, horixe aldarrikatu nahi da ‘euskarak 365 egun’ ekimenarekin. Horrela, Euskararen Eguna abenduaren 3a bada ere, Donostiako Parte Zaharrean egun gehiagotarako egitaraua prestatu dute, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Udaleko Musika eta Dantza Eskolak.
Horietako batzuetan txistuarekin gozatzeko aukera izango da. Abenduaren 2an, larunbatarekin, Kantu Jira egingo da Donostiako Udalaren Txistulari Bandarekin, eguerdiko 12:00etan Konstituzio Plazatik abiatuta. Parte Zaharreko erraldoiak, berriz, kaitik abiatuko dira ordu berean, eta guztiak 13:45etan elkartuko dira berriro Konstituzio Plazan. Bazkalondorenean berriro ere txistu hotsak etzungo dira. Izan ere, 18:30etan erromeria egingo da Konstituzio Plazan, Aitziber Aiesta eta Fernando Ruiz dinamizatzaileen laguntzarekin. Ondorengoa izango da errepertorioa:
- Aita San Antonio (biribilketa).
- Araban bagare (baltsa).
- Agur, Bettiri (muxikoa).
- Arrate/ Ui! (fandango/arin arina).
- Ametzagaña (polka).
- Lapurtar motxak (muxikoa).
- Arano (jota).
- Gossec (kontradantza).
- Ahuntza eta Marianak (muxikoa).
- Aitorren hizkuntza zaharra (baltsa) eta Behin betiko (martxa-biribilketa).
- Lantzeko zortzikoa.
- Itsasontzi baten (foxtrot).
- Azkaindarrak (muxikoa).
- Txiruliru (jota).
- Txotxoloa (arin arina).
- Laborda (polka).
- Txulalai
- Los Hermanos Anaiak (pasodoblea).
- Patsadaz (nahaste borrastea).
- Muxikoak (muxikoa).
- Comparsa de Caballería de Viejas (galop).
- Isil-isilik (baltz-kalejira).
- Herri dantza.
- Iruñatarra (biribilketa).
Abenduaren 3an, berriz, iganderoko zitari eutsiko dio Donostiako Udalaren Txistulari Bandak, baina oraingoan, modu berezian. Batetik, goizeko 09:00etako diana edo argi soinua Kresala eta Kaskarin taldeetako dantzari eta kantariekin egingo du. Bestetik, 12:15etan Konstituzio Plazan emango duen kontzertuari Euskararen abestiak. Bizarra urdina, baina txit arina izena jarri dio, ondorengoak joko baititu: Ikusi mendizaleak; Euskera, oi euskera; Aitorren hizkuntz zaharra; Egun da Santi Mamiña; Araban bagare; Behin betiko; Euskal Herrian euskaraz; Guk euskaraz; Txoria txori; eta Xabier Lete gogoan. Horrez gain, 13:00ean Bagera elkarteak antolatutako Baietz 11 egun euskaraz Donostian ekimenaren aurkezpena egingo da, eta dantza saioa egingo da segidan, Juan Ignazio Iztueta dantzari, dantza maisu, bertsolari eta idazlea omentzeko, jaio zela 250 urte betetzen diren honetan. Ondorengoekin egin ahal izango da dantza: Ostalerrak; Axuri beltza; Jatorra (fandangoa); Jatorra (arin-arina); Herri dantza; eta Euskara, Plazara!