Joan den igandean, urriak 15, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak sustatutako Txisturako Konposizio Lehiaketan lanak aurkezteko epea amaitu zen.
Mundu osoko 39 nazionalitate ezberdinetako 105 konposatzailek aurkeztu dute beren burua sari gisa eskaintzen diren txisturako 3 konposizioen enkarguetako bat eskuratzeko. 2017an EHTEk txisturako konposizio lehiaketa antolatzeari berriro ekin zionetik izan den parte hartzerik zabalena izan da aurtengoa.
Lan guztiak epai-mahaiaren esku utzi dira dagoeneko. Epai-mahaia 3 konpositore eta txistulariz osatuta egongo da. Bakoitzak bere gisa aztertuko ditu lanak eta azaroaren bukaera aldera edo abenduaren hasieran idazkari lanak beteko dituen elkarteko beste kide batekin batera elkartuko dira hirurak epaia emateko.
Abenduaren 11n, astelehena, arratsaldeko 19:00ak aldera (baieztatzeko) Donostiako Udalaren aretoan aurtengo lehiaketaren Gala-Kontzertua ospatuko dugu. Sariak banatzeaz gain hainbat obra interpretatuko dira, eta horien artean beste edizioetako enkarguak estreinatuko dira. Ekitaldi honi buruzko informazio zehatzagoa aurrerago argitaratuko dugu.