Argazkiak: Txirriskla Txistu Taldea
Astigarragako Txirriskla Txistu Taldeak kontzertu berezia antolatu zuen pasa den azaroaren 24an. Horren berri ematen digun artikulu hau sinatzen du taldeak, irakasle eta zuzendari izan duten Mari Jose Gaztelumendiri beraien esker ona agertuz eta Astigarragan azken 25 urteotan burututako lana goraipatuz.
Pasa dira 25 urte. 1994 urtea zen Astigarragan Musika Eskola martxan jarri zenean, eta bertan, txistu irakaslea behar zen. Miel Joxe Astarbek, herriko txistulari eta Musika Eskolako sortzaile-taldeko kideak, Trintxerpeko Musika Eskolara jo zuen, bertan irakaslea bazutela jakin baitzuen. Hura izan zen Mari Jose Gaztelumendirekin, neska gazte eta irripartsuarekin, izan zuten lehen harremana. Urte bereko urrian hasi zen Marijo Astigarragan eskolak ematen.
Garai hartan, bost txistulari ziren herrian, eta bostok eman zuten izena musika eskolan, Mari Joseren ikasketak jasotzeko asmoz. Ordura arteko martxan aldaketa ekarri zuen. Ikasturte berean, 1995eko apirilean, Astigar dantza eskolak bidaia antolatu zuen Alemaniara, eta herriko txistulariek ere parte hartu zuten bertan. Mari Jose gonbidatua izan zen, eta baita ederki pasa ere. Orduz gero, betiko adiskidetu ginen.
Urte berean, Santiotan, lehen kontzertua zuzendu zuen herrian, Trintxerpeko txistulari taldearen laguntzarekin. Hori izan zen zuzendu zituen kontzertu batzuen artean lehena, baina haren atzetik etorri ziren gehiago. Goraipatzekotan, 1998. urtean Joaquin Iruretagoiena musikagilearen mendeurrena ospatzeko antolatu genuenekoa, eta 2001. urtean Domingo San Sebastian, txistulari, dantza irakasle, idazle eta euskal kultura zalea omentzeko antolatu genuenekoa.
Berehala, herriko ekintzetan parte hartzen hasi zen, herriko txistulari taldeko zuzendari gisa. Esaterako, San Ixidro eguneko prozesioan, Sagardo etxearen inaugurazioan, hainbat dianetan, San Roke eguneko dantza solteko lehiaketan, eta abar luze bat.
Partiturak ere armonizatu zituen Astigarragako txistularientzat. Hori guztia eta gehiago zor diogu Mari Joseri. Hori dela-eta, aurten, urtero egiten dugun Santa Zezialako kontzertua berezi izan behar zuela pentsatu genuen, izan ere, Marijo Astigarragan hasi zela 25 urte betetzen ziren. Gurekin kontzertuan parte hartzeko eskatu genionean, ez zuen zalantzarik izan. Segituan eman zigun baiezkoa. Zuzendari makila eman genion segituan, efemerideak hala eskatzen baizuen. Hori ere onartu zuen. Ordurako, joko genituen obrak erabakiak genituen. Denetik zuen kontzertuak: Biribilketak, zortzikoak, balsa, habanera, fandangoa eta arin-arina,…
Aukeratutako eguna, azaroaren 24a, izan zen. Goizean, ohiko diana jo genuen. Hamaiketakoaren ostean, entsegutxo bat eta 13:00tan prest ginen kontzertuarekin hasteko. Ez aspertzeko ordu erdiko saioa izan zen. Bukaera aldera, ordea, Mari Josek uste ez zuen unea iritsi zen: “hori ez dugu ensaiatu…” aipatzen zuen. Bere ikasle izandako Igor eta Izaskunek, txistua alde batera utzita, merezitako agurra dantzatu zioten. Zenbat emozio. Txapela, zapia, eta gu guztion besarkada eta muxuak jaso zituen hunkitutako Mari Josek. Guk bai gozatu genuela.
Horrelakoetan ohi den bezala, bazkari eder batekin borobildu genuen ospakizuna. Hantxe izan genuen 25 urte hauek gogoan hartzeko unea. Irrifarrak izan ziren nagusi, Mari Josek ohiko duen bezela. Haundia izan da Mari Josek eman diguna, eta guk halaxe eskertu nahi izan diogu. Txistua lagun, lagun txistulariak betiko!
Eskerrik asko Marijo!!