Urriaren 6an txistu kontzertu berezia ospatu zen Barakaldon (Bizkaia). Emanaldia Ibarra-kaldu dantza taldeak antolatu zuen, Beurko auzoan duela 40 urte eskaini zen lehen txistu kontzertua oroituz. Ekitaldiaren ingurukoez, Jesus Hernani Castro txistulariak honako artikulua igorri digu.
Urriko hilabetera heldu gara eta egitekoak pilatu egiten zaizkigu des-industrializazioak kolpatutako herri honetako txistularioi.
Pasa den igandean, urriaren 6a, ez-ohiko kontzertua ospatu zen, dantza talde batek, Ibarra-kalduk, antolatua izateko bederen. Xedea Santa Teresa-Beurko auzunean eskainitako lehen txistu kontzertuaren 40. urteurrena ospatzea izan zen. Garaiko kontzertuan legez, jada ia 40 urte pasa direnean, gure errepertorioko obra klasikoek osatu zuten egitaraua.
Deialdiak hogeitik gora txistulari bildu zituen (ikusi argazkia eta zenbatu) Jose Miguel Chamorroren zuzendaritzapean, merezitako txalo beroak jasoz, areago, kontuan hartuz gero txistulari gehienak, dantza taldean haritutakoak izanik, maila honetako kontzertuek eskatzen duten bategitera gutxi ohituak direla.
Obra errazak baina freskuak, ondo joak eta musika tresna afinatuekin. Azpimarratzekoa da talde honetako zenbait txistulariek egindako lana, gure musika tresna afinazioagatik eta noski, jotzeko eragatik, laudatua izatea lortu baitute.
Eskerrak Ibarra-kaldu dantza taldeari aukera emateagatik, dantzarako musikari gisa dihardugun txistulari pairamentsu guztioi, erakus dezagun txistularia sobera gai dela jotzeko, dantzaz gain, dantzak ez diren gauza asko.
Eskerrik asko Ibarra-kaldu, ederki gozatu dut eta.