Beasainen 24 ordutan dantzan aritzeko musikariak

Beasaingo Ostadar dantza taldeak 40. urteurrena ospatuko du eta aitzakia honekin ekimen bat prestatu dute: 24 orduz, jarraian, herria dantzan jartzea. Horretarako, dantzatzeko eta musika jotzeko prest egongo den Euskal Herri osoko jendearen parte hartzea eskertuko lukete.

Beasaingo Goizeresi Txistulari taldeko zuzendari Aitor Alvarezek Euskal Herriko Txistulari Elkartera bidali du Beasaingo Ostadar dantza taldeak zabaldu duen eskutitza; jarraian irakurtzeko jarri duguna da.

Kaixo!

Beasaingo Ostadar Dantza Taldetik idazten dizut. Gure 40. urteurrenaren aitzakian eta hasiera-hasieratik izan dugun helburuari eutsiz, herria etenik gabe dantzan jarri nahi dugu. Horretarako, irailaren 20an eta 21ean ekimen erraldoi bat egin nahi dugu: 24 ORDU DANTZAN ETENIK GABE burutzea da gure helburua.
Ekimena Beasainen burutuko da, Bideluze plazan hain zuzen ere.
Etenik gabeko kate hori mantentzeko zure beharra dugu. Lagunduko diguzu?
Bi egun horietan zehar plaza dantzak dantzatu beharko dira (fandangoak, arin-arinak, jauziak…), beraz, dantza egiteko nahiz jotzeko gai den jendea beharko dugu. 15 minutuko txandak egingo ditugu eta taldeka egin ahalko da.
Elkar hobeto ezagutzeko aitzakian festa egin nahi baduzu, hauxe izango da zure lekua! Jana, edana… beharrezko guztia izango dugu eskura. Horrez gain, Beasaingo garagardo azoka ere asteburu horretan izango da!
Informazio gehiagorako eta ekimenean izena emateko hementxe esteka 24orduzdantzan.eus . Beraz, dantzarako edo musika jotzeko prest bazaude, animatu eta eman izena bertan! Denon artean lortuko dugu!
Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi 24orduzdantzan@gmail.com helbide elektronikora eta gogoz erantzungo dugu zure zalantza.

Zabaldu zure inguruan nahi adina. Baietz 24 ordu etenik gabe!

Ostadar Dantza Taldea