Jokin Antxia. 2024/06/17
Maisua eta erreferentea izan da zenbait txistulari Eskoriatzarrendako. Euskal dantzetan ere urrats ugari eginikoa zen.
Mario Padilla Maguregi txistularia, Eskoriatzako txistularien maisua, hil zen Maiatzaren 16an, 95 urte zituela. “Erreferente zuzena eta aita pontekoa” izan da txistulari eskoriatzar askorendako. Haien hitzetan, herritar ugarik ikasi zuen harekin txistua jotzen, eta omenaldiak ere egin izan dizkiote; esaterako, ehun lagundik gora batu izan diren kalejirak. “Esker oneko hitzak baino ez ditugu”, adierazi zuten orduko hartan Eskoriatzako txistulari taldekoek. Are gehiago, Mario izeneko pieza bat ere sortua du Eskoriatzako musika bandak haren omenez.
Txistularien harrobian ez ezik euskal dantzetan ere urrats ugari egin ditu Padillak, batik bat 1960ko hamarkadaren amaieran, Gorosarri Dantza Taldea sortu baitzuen. Eduardo Gorosarri konpositore eskoriatzarraren omenez jarri zioten, hain justu, dantza taldeari izen hori.