Euskal Herriko Txistulari Elkarteak Txisturako Konposizio Lehiaketaren edizio berria abiatu du. Txisturako zein haren instrumentu familiarentzako konposizio berriak sortu eta munduan txistua ezagutzera emateko helburua duen lehiaketan adin eta jatorri guztietako sortzaileek bidal dezakete proposamen bana.
Hainbat txistulari eta konpositorez osatutako epaimahaiak jasotako proposamenak aztertu ondoren hiru aukeratuko ditu eta haiei esleituko zaizkie konposizioak:
- 2.000€ko enkargu bat epaimahaiak proposaturiko talde txiki baterako obra bat idazteko (gehienez 6 musikariko taldea, barnean gutxienez txistulari bat duelarik).
- 1.500€ko enkargu bat epaimahaiak proposaturiko talde txiki baterako obra bat idazteko (gehienez 4 musikariko taldea, barnean gutxienez txistulari bat duelarik).
- 1.500€ko enkargu bat Trio Zukan hirukotearentzat obra bat idazteko (txistulari bat, akordeoia eta perkusiorako). Enkargu hau Trio Zukanek babestua dago.
Oinarrietan azaltzen den bezala, partehartzaileei dokumentazio guztia konposiziolehiaketa@txistulari.eus helbidera bidaltzeko epea 2024ko irailaren 30ean bukatuko zaie.