Joan den asteburuan jokatu da Bilbon Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketa, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta BilbaoMusikak antolatuta. Irudi eta hots ikusgarriak utzi ditu asteburuak, txistuaren gaztetasuna eta gazteen “txistutasuna” agerian jarrita.
Aurreko urtean txapelketaren lehenengo edizioak izandako arrakasta medio, aurtengoan jaso ziren haren etekinak. Besteak beste, parte hartzaile kopuruari erreparatuta, ia bikoiztu egin zen iazko zenbakia.
Esan bezala, bi egun ezberdinetan zehar luzatu da txapelketa: larunbatean, Bidebarrieta liburutegiko aretoan txikienek eman zioten abiada egunari, goizeko saioa osatuta. Lehenengo kategoria hamabi urtera arteko hamazortzi txistulariz osatuta egon zen. Puntu erdiko aldeak erabaki zuen txapelaren jabea: Jon Lainez Vicente, iruindarra. Haren atzetik podiuma osatu zuten Mikel Alzate Córdoba erratzuarrak eta Jone Imbuluzqueta Arroabarren orkoiendarrak. Hiru sariak Nafarroara.
Arratsaldez eta parte-hartzaile guztiek batera egindako bazkari mardularen ostean, bigarren kategoriak (13-17 urte bitarte) hartu zuen lekukoa, goizeko oholtza berean. Txapela berriro ere Nafarroara joan zen, orkoiendar Izar Imbuluzqueta Arroabarrenen burura hain zuzen ere. Izarrek bigarren urtez jarraian jantzi zuen horrela bigarren kategoriako txapela. Deigarria, ahizpa txikienak ere hirugarren saria jasoa zuela goizean. Egun konpletoa Imbuluzqueta-Arroabarren-tarren etxean. Bigarren saria Ekain Txakartegi Aboitiz Ispastertarrak lortu zuen, nafarren festaren erdian burua sartuta, izan ere, hirugarren saria ere Nafarroara joan baitzen, Iruritara hain zuzen, Aitor Ripa Eritzeren eskutara.
Igandea aspalditik itxarondako eguna izan zen: Bilboko Gran Vía kaleko BBK Aretoko taula gainean egungo panoraman den txistulari gazteen ordezkari onenak norgehiagoka. Nafarroako Pablo Sarasate goi-mailako musika kontserbatoriotik hiru parte-hartzaile, Donostiako Musikene goi-mailako musika kontserbatoriotik beste horrenbeste, eta azkenik, etxekoa, BilbaoMusika eskolako ordezkaria.
Banan-banan igo ziren oholtzara honako hurrenkeran: Iker Sagalá, Yaiza González, Leire Retegi, Asier Madrazo, Ane Telletxea, Inar Lezaun eta Amaia Sanz.
Obra oso ezberdinak jazo ziren taulan, errepertorio tradizionalenetik hasita eta musika garaikideenera ailegatuta. Txapela Leire Retegi Fernández leitzarrak jantzi zuen, eta horrekin batera nafarrei falta zitzaien hirugarren txapela ere eskuratu zuen. Bigarren postua Iker Sagalá Coca durangarrarentzat izan zen, eta hirugarrena Amaia Sanz Ardanza abadiñarra izan zen. Bizkaitarrekin bete zen podium oso lehiatua, izan ere, hirugarren eta bosgarren postuen artean hiru puntuko diferentzia baino ez baitzen egon. Oso garesti egon zen saria, eta lan makala egitera bultzatu zituzten epaimahaikideak. Epaile lanetan Maite Lomas, Maite Sagastibeltza eta Iker Larrauri txistulari profesionalak izan ziren. Ez zuten erraz eduki, ezta bat ere.
Sari banaketan Euskal Herriko Txistulari Elkartetik Ekain Basterretxea lehendakariak eman zien saria hiru kategorietako hirugarren sailkatuei, Amaia Bilbao BilbaoMusika eskolako ordezkariak bigarren sarituei, eta txapeldunei Iñaki Eguren txistulariak jantzi zien txapela, Euskal Herriko Txistulari Gazteen txapelketaren aurrekari den Hernaniko Txapelketa urte luzez antolatzen ibilitako arduradunak eta Txistulari Elkarteko lehendakari ohiak hain zuzen ere.
Saioari eta txapelketari amaiera emateko, zozketa berezia antolatu zen. Silboberri Elkarteak kategoria bakoitzeko ikasteko material, partitura liburu eta diskoz osatutako hiru sorta zozketatu zituen, kategoria bakoitzarentzako bana. Ezpela Creaciones-ek hainbat tonu ezberdinetako poxpolin sorta bat zozketatu zuen, eta Gancedo txistuegileak, granadillozko txistu bat zozketatu zuen.
Hala, sariz eta sorpresaz beteriko txapelketari amaiera eman zion Patxi Laborda aurkezleak, bertaratutako ikusleei eskerrak emanaz, parte-hartzaileak zorionduz, eta antolatzaileei datorren urtekoaren erronkaz ohartaraziz.