Argazkiak: Danbolin Txistulari Elkartea
Urte berriarekin zorioneko dira Basauriko (Bizkaia) Danbolin Txistu Elkartekoak, 2020an 35 urte betezen baititu Danbolin Txistulari Elkarteak. Aniztasuna doinuetan eta musika tresnaren biziraupena zein zabalkundea dira txistularion motorra.
1985ean Udal Txistu Musika Eskola gisa jaio zen egun Basauriko Danbolin Txistulari Elkartea dena. Elkartearen sorreran indarrak metatzeko nahia zegoen, talde ezberdinetan ziren txistulariak bilduz, musika tresnaren etorkizuna bermatzeko xedeaz. Ariz, Indartsu, Agintaritza,… taldeetan sakabanatuta baitzeuden txistulariak elkartea sortu aurretik.
Izan ere, Udal Txistu Eskolaren helburua txistulari berriak sortzea zen eta lan horretan jardun zuen elkarteak udalerriko Musika Eskola sortu zen arte. Momentu horretatik aurrera irakaskuntza alboratu zuten eta jotzeari eman zioten lehentasuna. Kalejirak, kontzertuak,topaketak,… finean txistua Basauriko bizitzan presente izatea dute helburu txistulariek, egungo zuzendari Manu Pagola buru dutelarik. Elkartea 30 txistularik osatzen dute egun eta azpimarratzekoa da 1999an Joseba Ibarra zuzendari zutelarik grabatutako 17 kantuko diskoa: Danbolin, Basauriko txistulariak. Taldeak aniztasuna bilatzen du errepertorioan, diskoak islatzen duen gisan.