Partitura liburua eta disko berria argitaratu ditu Silboberrik

Durangoko Azokara jada begira gaudelarik, Silboberri elkarteak bere aurtengo nobedadeak aurkeztu ditu: piano eta txisturako partiturez osatutako liburukia eta Basque Impressions saileko hirugarren diskoa. Produktu biak eskuragarri izango dira Durangaldeko erakusmahaian.

Bi argitalpen berri aurkeztu ditu Silboberri elkarteak, liburua batetik eta diskoa bestetik. Txistu eta pianorako moldaketez osatutako partitura liburua prest izango dute Durangoko Azokarako. Jose Antonio Santesteban, Jose Maria Etxeberria eta Juan Guimon musikarien doinuak jaso diztuzte lan berri honetan. Liburukiak, Ganbara izenburua darama eta aurretik argitaratutako Bizkaiko kanta bilduma liburukiaren ildoari jarraitzen dio.

Diskoa

Jalgi hadi mundura izenburuarekin argitaratu du disko berria Silboberrik. Kasu honetan, Basque Impressions saileko hirugarrena da, hau ere aurrekoak moduan, Orpheus diskoetxearekin elkarlanean argitaratu dute. Aitor Amilibia txistuarekin, Jose Antonio Hontoria akordeoiarekin, Elur Arrieta perkusioan eta Sylvia Gutierrez gitar joleak parte hartu dute lan honetan. Hamar pieza grabatu dituzte orotara: Felix Ibarrondoren bi obra eta Carlos Villasol, Cesar Camarero, Joseba Torre, Voro Garcia eta Yolanda Campos Bergua musikagileen obra bana.

Bai diskoa eta baita liburua ere, eskuragarri izango dira Durangoko Azokan, Durangaldeako erakusmahaian. Bi lan hauek ez dira baina aurten Silboberrik argitaratutako material bakarra izan. Ohi dutenez, urtero 4 obra argitaratzen dituzte. Hau izan da aurtengo uzta:

  • Taupadak (txistu, akordeoia) Cesar Camarero
  • Lich (txistu, akordeoia, perkusioa) Yolanda Campos
  • Divertimento (txistu, danbolina) Luis de Pablo
  • Tríptico sacro-festivo (3 txistu, 2 silbote, txistu baxua, perkusioa, metal boskotea) Tomás Aragués

Lau lan hauek ordea, ez dira Durangoko Azokan eskuragarri izango.