Argazkia: Andoni Cortijo
Iruña Taldeak sortu berri duen Aunitz Urtez saria jasoko du Mintxo Garaikoetxeak urriaren 5ean. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko ekitaldietan parte hartzeko izaten duen prestutasuna saritu nahi izan dute antolatzaileek.
1961ean Iruñean sortu zen Mintxo Garaikoetxea Aranburu musikaria. Iruñeko Udal Txistulari Bandan dihardu 16 urte bete zituenetik. Txistuaz gain, txirula, bonbardinoa eta tronpeta ere jotzen ditu, hainbat musika taldetan parte hartuz: Jarauta 69, Kiki Bordatxo, Manex eta Kobreak, Sonora Sonera,…
1972an jaio zen Iruña Taldea, folklorearen esparruan euskal kultura sutatzeko asmoarekin. Fanfarrea eta dantza taldea ditu elkarteak. Aurten, Aunitz Urtez saria sortzea erabaki dute, euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten duten elkarteak eta norbanakoak saritzeko.
Mintxo Garaikoetxea 14 urterekin egin zen Iruña Taldeko kide, ordutik “euskararen eta euskal kulturaren aldeko mota guztietako ekitalditan beti laguntzeko prest” egon delako aukeratu dute zortzi hautagairen artean. “Horrela erakutsi du hamaika ekimenetan parte hartuz, inguru hurbilean nola nazioarte mailan ere” adierazi dute Iruña Taldetik. Garaikoetxearen jarrera eta ibilbidea nabarmendu nahi izan dute Aunitz Urtez saria eskainiz.
Sari-emate ekitaldia urriaren 5ean izango da, Iruña Taldea elkartearen egoitzan 12:30ean.
Mintxo Garaikoetxeari Argia aldizkariak 2015ean eginiko elkarrizketa hau gomendatzen diegu gure irakurleei.