Yorrick Troman biolin jole eta Amaia Cordoba piano jolearekin batera ganbara musikaren inguruko proiektua martxan du Ion Irazoki txistulariak. Euskal musika eta musikagileen inguruko programa eskaintzen du ez-ohiko formazioan.
Iazko ikasturtean sortu zuten proiektua ibilbide eta jatorri ezberdineko hiru musikariek: Yorrick Troman paristarrak, Amaia Cordoba erratzuarrak eta Ion Irazoki beratarrak. Biolina, txistua eta pianoa elkartuz ez-ohiko hirukotea osatu zuten eta lehen kontzertuak emateari ekin zioten. Proiektua ezagutarazten ari dira orain.
Hiru musikari eta hiru ibilbide arras ezberdinak. Troman, biolin jole paristarra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoan dihardu lehenengo concertino gisara. Cordoba, berriz, musikologoa da eta irakaslea lanbidez. Azkenik, Irazoki txistua, silbotea eta teklatua jotzen aritzen da Donostiako Udal Txistulari Taldean. Elkartu dituena baina, euskal musikarekiko interesa izan da eta hala, beraien errepertorio osoa euskal musikagile eta euskal musikaren ezparruan ondu dute. Aita Donostia, Aita Hilario Olazaran, Eduardo Gorosarri eta Jose Olaizola musikagileen obrak jotzen dituzte besteak beste.
Emanaldietan hirukote moduan aritzen dira batez ere, baina bestelako aukerak ere baliatzen dituzte pieza batzuetan: txistua-pianoa, biolina-txistua eta biolina-pianoa. Emanaldia borobiltzeko dantzari bikote bat ere izan ohi da beren kontzertuetan.