Durangoko Txistu Kontzertua berreskuratu dute, iazko etenaren ostean

Silboberri elkarteak prest du aurtengo Durangoko Txistu Kontzertua. Egitaraua eta gonbidapenak zabaldu ditu 24. edizio honetarako.

Durangoko Landako gunera itzuliko dira txistu hotsak urriaren 26an. Iazko etenaren ostean, Silboberri elkarteak Durangoko Txistu Kontzertua berriz martxan jarri du. 24. edizio honek ohiko osagaiak izango ditu: estreinaldiak, dantzariak, abesbatza,… denak Jabier Ituarteren zuzendaritzapenean.

Deialdia

Antolatzaileek gonbidapenak zabaldu dituzte Landakoko kontzertuan parte hartzeko. Izena emateko azken eguna urriaren 14a izango da. Kontzertua berriz, urriaren 26an izango da iluntzeko 8etan. Aurrez hainbat entsegu izango dira: urriaren 12an eta 19an goizeko 11etan Silboberri elkarteko lokalean eta  kontzertu egunean bertan, arratsaldeko 4etan Landakon. Partiturak eskuratzeko eta izena emateko silboberri.org web-gunera jo beharra dago.

Egitaraua

Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako txistulariekin batera Ugaoko (Bizkaia) Sarea abesbatza, Gaztedi dantza taldea eta L´Atelier dantza eskola arituko dira. Ez dira faltako, ohi denez, metal boskotea, perkusiojoleak,… Aipagarria txistu eta silboteekin batera, txistu baxuak ere izango direla.

Egitarauari dagokionez bi obraren estreinaldia (*) egingo dute eta beste bi moldaketarena (**).