Argazkia: Noticias de Navarra – Patxi Cascante
Iruñeako Buztintxuri auzoko jaiei hasiera emango diete bertako txistulari gaztetxoek suziria piztuz. 7 eta 13 urte bitarteko 20 gaztetxok osatzen dute txistu taldea.
Buztintxuriko Txistulariak taldearen esku izango da auzoko jaiei hasiera emateko ohorea. Suziria pizteko ardura izango dute taldea osatzen duten 7 eta 13 urte bitarteko 20 gaztetxoek, auzoko Jai Batzordeak hala erabakita.
Taldea 2012an jaio zen auzoko eskola publikoaren baitan. Lehen pausuak 6 kiderekin egin bazituzten, egun, 20 gaztetxok osatzen dute Buztintxuriko Txistulariak. Irma Aseginolaza dute irakasle eta berak Noticias de Navarra egunkariari azaldu dionez, Olentzero egunean eta auzoko bestelako ekitaldietan jotzea izan zen hasierako xedea. Lan hauetan Aintzane Juanikorena izaten du lagun Aseginolazak.
Taldeak asteazken eta ostiraletan egiten ditu entseguak, Santa Lucia etorbideko udal lokalean. Ostiral honetan (irailak 13) baina, beste lan bat izango dute txistulariek, arratsaldeko 7etan Buztintxuriko jaiei hasiera ematea, txupina piztuz.