Urteurrena indartsu bete du Zornotzako Txistu kontzertu Nagusiak. Oholtzan izen ezagunak izan dira eta abagunea errepasoa egiteko probestu dute Zornotzako Udazken Txistulari Taldeko kideek. Hona hemen helarazi diguten kronika interesgarria.
Joan den uztailaren 19an Amorebieta-Etxanoko jaiak direla eta, urtero bezela Zornotzako Udazken Txistulari Taldeak antolatuta Txistulari Kontzertu Nagusia ospatu da. Aurtengoa XX. kontzertua izan da, eta horrek berezia egin du aurtengo kontzertua. Urtero herriko jaietan ospatzen den kontzertu hau, txistua oinarritzat harturik, ikuskizun erakargarri bat izaten da. Bertan, txistulariez gain, Mireia Izagirrek zuzentzen duen herriko Abes-Kimu abesbatzak, metalak eta dantzariak parte hartzen dute, gonbidatua den abeslari baten abestiak musikatuz eta elkarrik eskeiniz. Hasieratik kontzertu hauen arima eta zuzendaria Iban Ibarretxe Mezo izan da.
Aurtengoa berezia izan da eta horrexegaitik, abeslari bat izan beharrean, azken urteetan ibilitako hamaikak parte hartu dute abesti bana eskeiniz. Eskeinitako kontzertuaren egitaraua hauxe izan da: Eperrak, Niko Etxartekin, Ura izotz Keu Agirretxearekin, Somos la banda Motxila 21, funtzio aniztasuna duten pertsonak laguntzen duen AIDAE elkarteko kideekin, Duerme negrito, Jaurne Gaminde sopranoarekin; Baltzekua Xabi Solano eta herriko Zubiaur Musika Eskolako trikitilariekin, Ilunabarra Beñat Egiarte tenorearekin, E. H. Sukarra Nortonekin, Munduari begiratzeko Mikel Urdangarinekin, Jo ta ke Aitor Gorosabelekin, Bake miña Peio Ospitalekin Mire Bego Agirreren laguntzarekin eta Urepel Alex Sarduirekin. Ikusten denez, abeslari sorta anitza bezain ederra.
Argi dago 20 urteetan parte hartu izan duten abesalri guztiak ezin izan dutela aurtengo ospakizunean parte hartu, hala nola Xabier Amuriza bertsolaria, Enrike Villareal “el drogas” edo Gari Hertzainak taldekoa beste batzuen artean.
Jendearen aldetik erantzuna ezin hobea. Jendetza batu zen kontzertua entzuteko eta horrek argi uzten du Txistu Kontzertu Nagusia gure herriko jaietako ikuskizun estimatuenaetarikoa dela. Onarpen zabal honek poztasunez eta harrotasunez betetzen gaitu. Gure txistulari taldea ondo errotuta dago gure herrian. Amorebieta-Etxanoko udalaren laguntzari esker, aipatutako kontzertuaz gain, urte guztiko igandetan, abuztua izan ezik, kalejira egiten dugu eta herriko auzo ezberdinetako jaietara txistua jotzera joaten gara. Horrez gain, urtero irailaren amaieran Txistu Eguna ospatzen dugu, herrialde ezberdinetako 5/7 txistulari talde elkartuz eta herritik zehar kalejirak eginez.
Udazken Txistulari Taldea pozik dago egindako lanagaitik eta gogotsu bide horretatik aurrera jarraitzeko. Txistua gure herrian bere tokia eta presentzia izan dezan, gure herriko bizitzaren partaide izan dadin. Jorratu dugun bidea aurrera eramateko ezinbestekoak izan dira udalaren laguntza eta batez ere, Zornotzako Zubiaur musika eskolako txistu irakaslea eta gure txistulari taldeko zuzendaria den Iban Ibarretxe Mezoren lana.