Txistularien 60. Alardea aurkeztu dute Iruñean

Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroa-k Iruñeako Txistu Alardea aurkeztu zuen atzo. 60. emanaldia izango duen kontzertuak Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra izenburua eramango du eta uztailaren 9an ospatuko da. Azken urteotako bideari jarraikiz, antzerkia eta musikak bat egingo dute ikuskizun bihurtuz kontzertua.

Txistularia izateaz gogoeta egin nahi dute umorez EHTE Nafarroako kideek aurtengo Txistularien Alardean. Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra izenburutzat izango du kontzertuak, eta azken 60 urteotan egindako ibilbideari errepasoa egiteko probestuko dute antolatzaileek. Aitor Urkiza kontzertuko zuzendariak, Alfonso Iturria Alarde txikiaren koordinatzaileak, Urtzi Iraizoz musikagilea eta EHTE Nafarroako buru Patxi Rodriguezek aletu zuten aurtengo emanaldiak dakarrena hedabideen aurrean.

Musikari dagokionez besteak beste Joaquin Iruretagoiena edo Luis Urteagaren obra klasikoak entzun ahal izango dira, baita moldaketa zein pieza berriak ere Karlos Sanchez Ekiza, Eneko Azparren, Urtzi Iraizoz, Fermín Goñi, Jokin Zabalza, Phil Cunningham edo Xabier Aburruzaga musikagileen lanak joko baitituzte txistulariek uztailaren 9an eguerdiko ordu batean.

Kontzertuak, azken urteotan legez, antzerkia izango du lagun. Oraingoan etorkizunera joko dute, 2079ko Txistu Kontzertura eramango baigaituzte. 70 urte lehenago emandako kontzertuak dena aldatu zuela kontatuko digute, txistua fama mundialeko musika tresna bihurtu zelarik. Baina nola gertatu zen hori? Erantzun horien bila eramango gaituzte ikuskizunean.

Ekitaldian Jesus Raul Lavin, Pepe Elizalde eta Jose Luis Ansorena izango dituzte gogoan atzoko aurkezpenean azaldu zutenez.

Eszena zuzendari eta gidoilari Andres Lopetegi aritu dela argitu zuten baita, musikaren alorrean zuzendari berriz,  Aitor Urkiza. Aurkezpena borobiltzeko zuzeneko musika ere eskaini zuten txistulariek.