Asteburu honetan ospatu zen Portugaleteko Folklore Azoka. Ekitaldi andana eta musika barra-barra izan ziren bizkaiko herrian. Horrekin batera, artisau eta luthierren erakusmahaiek bildu zuten arreta gehien. Merkatuan, txistularien pausuak jarraituz, lau tresnagileren saltokiak bisitatu eta beraiekin mintzatu ginen igande goizez.
Elai Alai elkarteak antolatzen duen Folklore Azoka erreferente bihurtu da Euskal Herrian. Igande goizeko giroak hala erakutsi zigun dudarik gabe. Batetik, kale giroa eta animazioa non-nahi eta bestetik, musika tresnagile eta artisauen merkatua bor-bor. Txistulari ugari ikusi genituen, erakus mahaietara hurbildu, galdetu, probatu eta erosten baita. Haien bidea jarraituz, stand ezberdinak bisitatu genituen.
Bigarren solairuan, sartu eta berehala Ezpelakoen stand-a topatu genuen. Material ugari eraman zuten Berriozarrekoek: txistuak, nafar gaitak, panderoak, danbolinak, danborrak… pantaila batean irudiak ere proiektatu zituzten. Raul Pariente lanpetuta ibili zen bezeroei arreta ematen. Tartea egin zuenean, azokarekin pozik zegoela adierazi zigun. Aurten ondo juan zaiela argitu zigun eta poxpolin berriek interes handia piztu zutela. Aiko drums-eko danbolin eta danborrak ere bisitarien interes gune izan ziren.
Gaskoinako bi tresnagile batera topatu genituen hurrengo erakusmahaian: Jean Badouin eta Etienne Holmblat. Ttunttunak egiten ditu Badouinek eta ezpelezko txirulak Etiennek. Jean-ek ttunttun andana eraman zituen azokara. Bi motatakoak egiten ditu, tono batekoak edo bikoak. Gainera, egurrezko zubi moduko batekin, ttunttunaren tonua aldatzeko aukera ematen du, larako edo klabijak mugitu gabe. Ornamentazioari dagokionez ere, estilo ezberdinak lantzen ditu, bezeroen gustuen arabera. Ttunttunei gainera, nahi izanez gero, anplifikadorera entxufatzeko aukera ematen du, efektuei eta abarrei atea irekiz. Horrelakoak entzun daitezke Xarnege taldearen diskoetan, zeinean Badouin jotzaile dihardu. Stand-a partekatzen Homblat-en txirulak ikus zitezkeen. Ezpelean eginak, nagusiki Don afinatutakoak eta baita baten bat, grabeagoa, La-n.
Azkenik, Txistus Gancedo-ren saltokira hurreratu ginen. Bertan Jose Mari Gancedok hartu gituen. Stand apaina prestatu zuen amurriarrak, hau ere azokan izandako emaitzekin gustura. Txistu modelo berri bi ezagutaraztera etorria zen Portugaletera eta hainbat ere saldu zituela adierazi zigun. Enbor izeneko granadillozko txistua erakutsi zigun lehenik. Berezitasun nagusia barrutik konikoa dela: soinu betea lortuz, afinazioa hobetuz eta oktabak orekatuz. Kanpoko itxura ere deigarria da, eraztunak koloretakoak baitira. Kimua txistuari dagokionez, hau ere iraila-urrirako konikoa izango dela azaldu zigun Jose Marik. Modelo hau abs plastikoan egina dago. Afinazioa igo edo jeisteko modua ere berria da kasu honetan, erdiko tutu aldagarria baita, hiru neurritan ematen delarik.
Txistulariak gustura ikusi genituen, bateko eta besteko musika tresnak probatuz, eta berrikuntzen berri sortzaileengandik zuzenean jasotzeko aukera ezin hobea probestuz.