Haizeak dakarren dantzak ikuskizuna taularatuko du Kankinbara taldeak larunbatean

Larunbaterako hitzordu berezia prestatu dute Bermeoko Kankinkabara txistu taldeko kideek, Alkartasuna dantza taldea eta Ttakuntxo txalapartari taldeko kideekin batera. Emanaldian, Jon Ibarrak Zarautzeko Zesteronekua taldeari idatzitako Jauzi dantzaren estreinua egingo dute.

Dantza eta musika ardatz duen ikuskizuna ondu dute Kankinkabarako txistu taldeak eta Alkartasunako dantzariek: Haizeak dakarren dantzak. Txistuak, silboteak, alboka, shruti box, txirula, bonbetea, atabala, eskusoinua, eta perkusiozko instrumentu txikiak joko dituzte txistulariek eta ondoan izango dituzte Ttakuntxo-ko txalapartariak.

Emanaldian Jon Ibarraren doinu berri bat estreinatuko dute txistulari eta dantzariek. Zarautzeko Zesteronekua taldeari sortutako Jauzi pieza emango baitute. Halaber, 1912ko abuztuaren 12an izandako galernan itsasoan hil ziren marinelak gogoratuko dituzte kontzertuan. Horretarako, Thyerry Biscayren musika eta Uxue Alberdi idazlearen letragaz sortutako 100 alargunen dantza eskainiko dute.

Larunbatean, ekainak 8, Bermeon (Bizkaia) izango da hitzordua, Artza frontoian arratsaldeko 8etan.