Berakatz usainari segika, Faltzesera helduko dira MGTkoak

Mugarik Gabeko Txuntxuneroek bat egingo dute Faltzeseko Berakatz egunarekin. Hitzordua maiatzaren 19rako jarri dute.

Maiatzaren 19an ospatuko dute Faltzesen (Nafarroa) Berakatz eguna, eta iaz moduan, aurtengoan ere, ez dira txistu doinuak faltako. Mugarik Gabeko Txuntxuneroek hitzordua jarri dute eta ohiko egitaraua prestatu.

Eguna goiz hasiko dute, Ospital Etxean elkartuko baitira txistulariak 9:30ean. Kalejira berehalakoan hasiko dute eta bidean zehar torradak dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Dagokion orduan egingo dute hamaiketakoa, indarrak bildu eta kalejiran jarraitzeko. Ordu batean berriz, Makaia dantza taldeko kideak gehituko zaizkie txistulariei, elkarrekin, goiza boribilduz, emanaldia eskaintzeko eta egunari bukaera emateko.

Partiturak

Ohi dutenez, txistulariek Fa#ko txistua erabili beharko dute. Partitura guztiak lotura honetan daude eskura.

Izen ematea, lehen bai lehen, bide hauetako bat erabiliz burutu beharra dago: 636685288 telefonoan edo faltzeskotxistulariak@gmail.com helbidean.