Kresala usaina dario Mugarik Gabeko Txuntxuneroen proposasmen berriari

Maiatzaren 12rako hitzordu berria dakarte MGTko kideek. Ez nolanahiko, izan ere, itsasontzi bat eta arrantza uztartuko baitute txistu doinuekin. Hona hemen Pasaian elkartzeko antolatu duten plana.

Mugarik Gabeko Txuntxuneroek egun berri bat markatu dute egutegian: maiatzaren 12a. Pasaian (Gipuzkoa) elkartzera deitu dituzte txistulariak.

Eguna Itsas Mendi elkartean bilduz hasiko dute, kafea eta pastak hartuz gozaltzeko. 9:45ean izango da hori, ordu erdi beranduago kalejirari ekiteko, 10:15ean. Ondoren, itsasontzi batera igo eta itsasora irtengo dira paseoan, 11:15ean. Arrantza egiteko aukera ere iragartzen dute antolatzaileek irteera honetan.

Lurra hartu ondoren, Donibane plazara joko dute, bertan erromeria eskaintzeko ordu batean. Azkenik, 14:30ean bazkari legea izango da parte hartzaileentzat.

Errepertorioa

Partiturak hemen dituzue eskuragai. Ohi denez fa#ko txistuak erabiliko dira.

Izen ematea

Izen ematea lehen bai lehen egin behar da whats-appez zenbaki honetan 659 39 44 98, e-mailez itsasbai@gmail.com helbidean. Parte hartzaileek 8 eta 10€ arteko ekarpena egin beharko dute bazkarian.