Topaketa Oionen

Argazkiak: Héctor Sastre

Arabar Errioxako Oion herrian, lehendabizikoz ospatu zuten txistulari topaketa bat. Esperientzia horren berri ematen digu Jose Luis Cantabrana txistulariak idatzi honetan.

Pasa den igandean, martxoaren 31n, Arabako Errioxako Oion herrian bildu ginen 50 bat txistulari. Irule Kultur Elkarteak topaketa antolatuta, Euskal Herriko leku askotariko txistulariak agertu ziren, Euskal Herriko eta Arabako hegoaldeko mugara. Aretxabaleta, Oiartzun, Lizarra, Andosilla, Abadiño, Axpe, Durango, Murgia, Abetxuko, Gasteiz, Oion eta Mirandako (bai, Miranda de Ebrotik baita!) txistulariek, txistua eskuetan zutela, Oiongo kaleak girotu zituzten.

Egun osoko ekitaldia izan zen: hasiera emateko, kalejira bat erraldoiekin; gero, txistu emanaldi nagusia plazan, erraldoiek eta Billarreko dantzariek dantzatu zutelarik, guztiok J.L. Cantabranaren zuzendaritzapean; eta ondoren, bazkaria.  Eguna bukatzeko,bazkal ostean, dantza plaza txiki bat egon zen topaketari bukaera emateko.

Omenaldia

Beste aldetik, ekitaldi nagusian, Patxi Telleria txistulariari omenaldi bat egin zitzaion. Bera, 80 urtekoa, Gipuzkoatik Oionera joan zen bizitzera bere garaian; harrezgero, euskararekin, kulturarekin, eta txistuarekin bereziki harreman handia izan du beti, kultura bultzatzaile petoa izan da betidanik.