Txistua txapeldun gazteen bultzadaz

Joan den larunbatean, arrakastaz ospatu zen 14.Txistulari Gazteen Lehiaketa Hernanin. 43 txistulari gazteren ilusioak eta ahaleginak bultzada ederra eman zioten, aurten ere, txistuari. Lehengo sariak Manex Iturrieta durangarrak, Leire Retegi leitzarrak eta Hernaniko Txilibita txistu taldeak eskuratu zuten nor bere sailean.

14 urteko ibilbidea bete du jada Hernaniko gazte Txistularien Lehiaketak. Larunbatean 43 musikari gazte lehiatzeaz gain arnas ederra eman zioten gure musika tresnari. Txapelketa goizeko 11etan hasi zen A kategoriako, 12 urterarteko txistulariak, bakarlariekin. Ondoren, B kategoriakoak lehiatu ziren, host 16 urte artekoak. Bazkalostean, D kategorian, 5 talde jardun ziren.

Txapelak

Sari banaketa etorri zen ondoren. A kategorian txapeldun Manex Iturrieta Urkiza 11 urteko durangarra izan zen garaile. Bigarren berriz, 12 urteko Imanol Liendro Bosque bilbotarra eta hirugarren, 12 urteko Amaia Ruiz Zorrozua hau ere bizkaiko hiriburukoa.

16 urteko txistularien artean, iazko garaipena errepikatuz, Leire Retegi Fernandez leitzarra suertatu zen garaile. Bigarren postuan, azpeitiar bat kokatu zen: Janitz Sorazu Agirre. Hirugarren berriz, Unax Rodriguez Unagoitia zornotzarra izan zen. Hiru txistulariok 16 urte dituzte.

Taldeei dagokionez, Hernaniko Txiliba taldeko musikari gazteek lortu zuten txapela. Ostean sailkatu ziren, Iruñeako Ahizpatadantza taldeko neskak eta Azpetiako Antxieta txistu banda.

Epaimahai lanetan Haritz Ezeiza, Maite Sagastibeltza eta Peio Irigoien txistulariak aritu ziren. Antolakuntzan Leokadisti eta Goizetik Hernaniko Txistu taldeak aritu ziren EHTE Euskal Herriko Txistularien Elkartearen laguntzaz. Azkenik, aurkezle lanak Leire Goñi hernaniarrak bete zituen.

Parte hartzaile guztien zerrenda kontsultatu daiteke Hernaniko Goizetik txistu bandaren blogean.