Argazkia: Txilibita Hernaniko taldea, 2018ko lehiaketan.
Asteburuan Hernaniko Txistulari Jaialdiaren 14. edizioa ospatuko da, larunbatean 43 txistulari gazte lehiatuko dira eta igandean topaketa burutuko dute.
14. Txistulari Jaialdia antolatu dute Hernanin Leokadisti Txistu Taldea eta Goizetik Txistu Bandak, EHTEren laguntzarekin. Larunbatean Txistulari Gazteen lehiaketa izango da eta igandean berriz, Topaketa.
Lehiaketa
Aurtengoan 43 txistulari arituko dira norgehiagokan: 29 bakarlari eta 5 txistu banda. Musikari gazteak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik helduko dira gipuzkoako herrira: Abadiño, Azpeitia, Basauri, Bera, Bilbo, Burlata, Donostia, Durango, Gasteiz, Iruñea, Larrabetzu, Leitza, Muskiz, Narbarte eta Amorebieta-Zornotzakoak hain zuzen ere.
Lehiaketa goizeko 11:00etan hasiko da la Milagrosan: A mailakoak lehenengo eta ondoren B mailakoak. Arratsaldean taldeen txanda izango da, 17:00etatik aurrera. Ostean sari banaketa egingo da.
Oinarriak eta bestelako zehaztasunak albiste honetan dituzue. Eguneko egitaraua berriz, agendako sarrera honetan.
Topaketa
Igandean goizeko hamarretatik Euskal Herriko txistularien Topaketa izango da. Deialdiarekin bat egin dute Mugarik Gabeko Txuntxuneroek. Gehiago jakiteko irakurri berri hau eta gure agenda.