Argazkia: Patxi Anzola erdian, bere 90. urtebetetzean Patxi Zorrozua
EHTEko bazkide beteranoena, elkarteko zilarrezko dominaren jabe eta Bilbon txistuaren erreferente izandakoak utzi gaitu. Heriotza atzo, otsailak 27, heldu zitzaion Patxi Anzola Erkiagari, 96 urte zituela. Hileta ospakizunak gaur egingo dira Bilboko Santiago katedralean arratsaldeko zazpietan.
Txistulariek erreferente historiko bat galdu dute Bilbon, Patxi Anzola Erkiaga, 96 urterekin zendu baitzen atzo, otsailak 27. Bilboko Bizi Nai dantza taldeko lehen txistularia eta San Anton Orfeoiko partaide izan zen urte askoan. EHTEn oso aktiboa izan zen Anzola, Bizkaiko ordezkari, 1998an elkartearen zilarrezko domina jaso zuen.
Bilbon hasieratik oso inplikatua egon zen bertako txistu eskola edo akademian, Boni eta Manuel Landaluzerekin batera. Gazteekin lan egiten zuen eta igandero egiten zituzten kontzertuetan izaten zen jotzaile. Euskal Herriko Txistulari elkarteko bazkide beteranoena eta Bizkaiko txistulari helduena zen Patxi Anzola.
Azken agurra, gaur otsailak 28an izango da, Bilboko Santiago katedralean, iluntzeko 7etan. Txistulariek Xirrinaren Heriotza eta Agur Jaunak doinuak joz agurtuko dute Patxi Anzola Erkiaga.