Txistuak badu lekua EIJOn

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestran (EIJO) aurrenezko txistua izango da. Otsailean egin ziren azterketen ostean, Unax Rodriguez txistulariak eskuratu du plaza jazz orkestra honen baitan.

Bosgarren denboraldiari ekin dio EIJOk eta berrikuntza garrantzitsuekin, izan ere, lehengo aldiz euskal musikatresneei lekua ematea erabaki dute. Otsailan egin diren proba saioen ostean, Unax Rodriguez txistulariak, Mikel Azagirre albokariak eta Eider Tolosa trikitilariak kolore berri bat emango diote jazz orkestrari.

Roberto Pacheco taldeko zuzendariak argitu dizkigu erabaki honen ingurukoak.” Urtero kontzertuko errepertorioa herenetan banatzen dugu:  jazz klasikoa, gure jazza eta gaur egungo jazza…eta bueno ba gure jazza edo gure musika egiten dugun zati horretan txistuari, trikitixari eta albokari aukera emateko garaia iritsi dela iruditu zaigu.” Egitasmoa gauzatzeko, aurten Carlos Sagi musikagile eta perkusiojolearengana jo dute. Horretarako kontuan hartu dute, Sagiren Khami proiektua, zeinean Garikoitz Mendizabal txistularia diharduen. Musikagilea, obrak atontzen dabil eta Pachecok aurreratu digunez, txistua protagonista izango da Hegi dantzaren bertsio batean.

Jazz orkestra

EIJO Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen hezkuntza proiektu bat da. Jazz Orkestra bat sortzen dute ikasturte bakoitzean erkidegoko kontserbatorio eta musika eskoletako ikasleekin. Sarrera froga batzuen ostean ikasleak aukeratzen dituzte. Orain artean formazioa jazz orkestra standard baten egitura izan du: 5 saxo, 4 tronpeta, 4 tronboi, pianoa, gitarra, baxua eta bateria. Kasu honetan abeslariak eta zeharkako flauta ere izan ohi dute.

Sarrera azterketetan ikusitako maila altuarekin pozik agertu da Pacheco. “Sei txistulari aurkeztu ziren eta seiek egin zuten benetan ondo”. Plaza eskuratu zuena 16 urteko Unax Rodriguez izan zen, egun Bilboko Arriaga Kontserbatorioan ikasle diharduena, Jagoba Astiazaran irakaslearekin.

Ilusioz

Bestealde, berrikuntzei dagokionez horrela mintzatu da taldeko zuzendaria: “gure musika egin nahian urtero musikagile batek hiru lau kanta berri egiten dizkigu. Aurten Sagiri euskal musikatresnak sartzea eskatu genion. Musikalki emaitza ederra izango dela iruditzen zaigu, originala eta, bestalde, soinutresna hauetako ikasleek aukera merezi zutela iruditzen zaigu.”

14 eta 19 urte bitarteko ikaslez osatutako jazz orkestra hau, apirilean kontzertuak eskaintzen hasiko da.

2018ko EIJOko partaideei egindako elkarrizketa eta erreportaia hemen ikusgai: