Korrika kulturalerako ikuskizuna sortu du Aikok: Garaikideak

Erromeriak, dantza ikastaroak eta dibulgazioa izan ohi dira Aiko taldearen esparru naturalak, oraingoan baina, oholtzara igoko dira maisuak ikuskizuna eskaintzeko asmoz. Sorkuntza, berebizi egina da Korrika Kulturalerako, izenburu iradokitzailearekin: Garaikideak, dantza entzun dezagun.

Gero eta gutxiago falta da Korrika martxan jartzeko eta Aikotarrak, bere aletxoa jartzera datoz euskararen festa erraldoira. Horretarako, ohiko lanak utzi eta ikuskizuna ondu dute: Garaikideak, dantza entzun dezagun. Hainbat emanaldi izango dira, beti ere Korrika Kulturalaren programaren barruan.

Aurre estreinua otsailak 3an egingo dute, Durangoko Plateruenea antzokian, doako sarrerarekin 18:00etan. Aiko taldeko arduradunek entsegu orokor gisa ikusten dute emanaldi hau eta bertaratuen iritziak biltzea nahiko dute. Ikuskizunari buruz dakigun apurra zera da, oraingoan bertaratzen denak ez duela izerdirik botako, patxadaz ikusi eta entzun baizik.