Logo Lehiaketako sari ematea eta solasaldia

Gabonetako oporraldia probestuz Iñaki Zarragoitia Amorekin (Lekeitio 1981) izan ginen. Batetik, EHTE Logo Lehiaketako saria eman eta bere sorkuntzari buruz hitzegiteko aukera baliatu genuen.

90 urteren ostean EHTE-k logo berria du. Iñaki Zarragoitia lekeitiarra da sortzailea. Elkartetik antolatutako lehiaketako irabazlea izan da berau. Horregatik, hitzordua jarri genuen berarekin. Jasone Akizu, EHTEko Bizkaiko ordezkariak elkartearen zorionak eta saria eman zizkion Zarragoitiari, azken aldizkaria eta txistuaren inguruko produktuz betetako maletatxoa.

Irabazlea, egun, bere proiektu propioa garatzen ari da marketinaren eta diseinuaren alorrean. Proiektu honen isla da txalupa.eus web gunea. Elkartearen logo berriaz jarduteko aukera ere baliatu genuen.

Nola izan zenuen Logo Lehiaketaren berri?

Ni marketinaren munduan nabil lanean, web ezberdinetan apuntatuta nabil eta horietako batek bidali zidan informazioa. Horrelako lehiaketa askoren berrim izaten dut, baina ez dut ohitura izaten parte hartzeko, baina honek erakarri ninduen, agian euskalzalea eta musikazalea ere banaizelako.

Aurkeztu duzun logoak, ezer gutxi du zer ikusirik aurretik genuenarekin. Zer bilatu duzu logo berriarekin?

Hain justu aurreko logoa, aspaldiko kutsua zuela ikusi nuen eta nire proposamenari modernitate puntua eman nahi izan nion. Logoa honetan datza. Hiru kolore nagusi ditu: gorria, berdea eta pare bat urdin. Berdearekin gaztetasuna, ikasteko grina, esperientzia falta eta ilusioa adierazi nahi ditut. Txistu munduan hasten ari den pertsona hori nuen buruan, ilusioz betea dena. Gorriak berriz, kontrakoa, adierazi nahi duena esperientzia eta helduaroa da. Jada zure helburua bete duzunean. Urdin koloreek sendotasuna, egia, egonkortasuna…eta batez ere logoak koloreen arteko ezberdintasunak adierazten ditu. Adibidez, bi urdinak antzekoak izan daitezke, baina ezberdinak dira. Berdin pertsonen artean. Azken finean logoak egiten duena da, goitik aldenduta dauden koloreak, pertsonak; musikaren bitartez bildu. Elkartuz txistuaren forma hartzen dute. Mugikortasuna ere nabarmena da bestetik, zutabeak eta letrak oso organikoak dira, nolabait mugimenduarekin, dantzarekin lotura dute. Azkenik fusio horek txistuaren forma hartzen du.

Dinamismoa, kolorea… publikoak azpimarratu dituen ezaugarriak dira. Bertikala izatea ere ez da oso ohikoa izaten.

Bai. Zailtasunak eman zizkidan letrak sartzea baina ez nuen txistu horizontal bat jarri nahi, bere berezko posizioan nahi nuen. Azkenean, hitza bera zatitzea erabaki nuen, txistuaren eraztunen artean jarriz, ezberdina izateko.

Zenbaitek dantzari baten hanka ikusi du irudian…

Nik ez dut horretan pentsatu. Egia da abstraktua denez, egia da, norberak era ezberdin batean interpretatu dezakeela.