San Anton egunez bermiotarrak portura inguratzen ziren, orduan bueltan ziren bisiguetara joandako arratzaleei ongi etorria emateko. Jendetza hurbiltzen omen zen, tartean txistulariak ere izaten zirelarik. Jada bisigurik ez bada ere, Kankinkabara txistu taldeko kideek ohiturari eusten diote.
Datorren ostegunean, urtarrilak 17, San Anton egunez, Bermeoko (Bizkaia) Kankinkabara taldeko txistulariak iluntzeko 8etan elkartuko dira Lameran. Bertatik txistu doinuak lagun portura hurreratuko dira, itsasontziek arrantzatutako bisiguak porturatzen zituzten guneraino zehazki.
Ibilbidean 3 pieza jotzen dituzte txistulariek: Gregorio Solabarrietak sortutako Kresaletan lau kantako bilduma, Kankinkabara eta egile ezezaguneko Arrantzaleak esnatzen zeina aintzina arrantzaleak esnatzeko eta itsasontzira joateko dei modura zerabilten.
Jada ez da jendetzarik biltzen portuan ezta arrantzalerik bisiguak porturatzen, hala ere txistulariek urtero eusten diote kairainoko bideari garai haiek gogoan.