Txistulari aldizkaria: zazpigarren alea eskura (1929)

EHTEk 1936ko gerraren aurretik publikatu zituen Txistulari aldizkariak digitalizatu ditu. Hamar aleko bilduma pixkanaka bazkideen eskura jartzen gaude. Oraingoan zazpigarren alea dakargu, jada eskuragarri dago gure webean, oso-osorik.

Euskal Herriko Txistulari Elkartea 1927an jaio zen. Txistulari aldizkaria, berriz 1928ko martxoa-irailekoa du lehenengo zenbakia. Aldizkaria gerrarekin bere jarduna eten eta berrabiatzerakoan hutsetik hasi zen, horregatik bi garai bereizten ditugu: gerra-aurrekoa eta ostekoa. Oraingoan, garai horretako 7. alea dakargu hona.

Gerra aurreko lehenengo 10 aleak digitalizatu berri ditugu, eta pixkanaka webean, bazkideen esku jarriko ditugu.

Zazpigarren zenbakia

1929ko martxoa-apirilari dagokion aldizkaria Sandalio Tejadaren artikulu batek irekitzen du: “La moralidad pública en el Pais Vasco“.  Jarraian, bestelako gai bati heltzeko, diruaren banaketa. Mazopa ezizendun batek sinatua, txistulariek, joaldien ostean, dirua nola banatzen duten azaltzen du, atabal-joleak txistulariak baino gutxiago jasotzen duela azalduz.

Bonifacio de Etxegaraik berriz, dantza eta musikaren gaiari heltzen dio, hau aurrekoen gisan, gaztelaniaz. Ondoren dator ale honetako euskarazko lehen artikulua “Txistuba” izenburupean. Bertan, irudi eta guzti hainbat azalpen praktiko ematen dira artikulazio eta digitazioari buruz.

Txistulari ezagunei buruzko idatzia Juan de Olazaran-ek sinatua eta elkarteko 3.Batzar Orokorrerako deiak osatzen dute literaturaren lehen zatia. 1929ko uztailaren 19rako zuten zita, Donostian, elkarteko bazkideek.

Horrela bukatzen da Jose Luis Errizalek izenpetzen duen artikuluaa, non txistulariaren gorespena egiten baitu. Donostian izango zen Txistulari lehiaketarako deialdia, erromerien agenda (Bizkaiko Ugao, Arrankudiaga, Zollo eta Zeberio herriei dagozkienak zerrendatzen dira, Gipuzkoako Zestoa eta Elgoibarrekin batera) eta ohiko Naskaldia sailak ixten dute 7. ale hau.

Naskaldiaren barnean, Txistu Konposizioko lehiaketako irabazleen berri ematen dute: lehen saria eman gabe geratu eta bigarrena Pablo Sorozabalen Donostiya obrak erdietsi zuela diotso. Deigarria da baita, aurresku eta ezpatadantza doinuak bateratzeko egiten duen deialdia, bazkide orori eskatuz, doinuon partiturak izanez gero, elkartera igortzea, azterketa baten ostean, bertsioak bateratzeko xedearekin.

Musika atala

Ale honek bi obra dakartza. Jesus Guridi maisuaren Mendiko Soinuak estimatua eta M. Gainzak harmonizatutako Korputz eguneko zortzikua.

Benetako altxorra, datu interesgarriz eta bitxikeriaz betea, bazkide guztien eskura pdf formatuan deskargatzeko aukerarekin. Benetako oparia.

Aldizkaria ikusteko klikatu hemen  (soilik erregistratutako bazkideentzat eskura).


Bazkide egiteko, bidali zure datuak txistulari@txistulari.eus-era.

Bazkide egiteko informazio gehiago hemen.

Bazkidea bazara, baina ez bazaude web gunean erregistratuta, idatzi komunikazioa@txistulari.eus-era