Txistua orkestran txertatua duen obra estreinatuko du EOSek

Argazkia: EOS

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, txistua orkestran integratzen duen obra bat estreinatuko du azaroan. Musikalana, Stephen Hough-ek sortutako Agata, a basque fantasy da. Jotzaile Garikoitz Mendizabal txistularia arituko da, hegoaldeko 4 hiriburuetan egingo dituzten emanaldietan.

EOS-eko zuzendari Robert Treviñori eskainia sortu du Stephen Hough musikagile eta piano-jole ingelesak Agata, a basque fantasy izeneko obra. Musikalanak bereizgarri nabarmena du: txistua orkestran txertatzen du. Txistua orkestrako beste musika tresna baten gisan agertzen da partituran, eta horregatik, Garikoitz Mendizabal, flauten ondoan jesarriko da. Zazpi minutuko musika lanean, txistuak cadenza bat du, eta hor baliteke, Mendizabal zutik jotzea, baina gainerakoan orkestrako gainerako musikariak moduan arituko da, orkestrako arduradunen arabera.

Musikagileak euskal melodia bat eta italiar bat nahasten ditu, Santa Agedaren jira-biran. Hona hemen obraren partiturak dakarren deskribapena:

Bost emanaldi

Estreinaldiko obra hau entzuteko, bost kontzertu izango dira aukeran azaroan, EOSen Abonuko emanaldiak lauak:

26, astelehena, Gasteizeko Printzipal Antzokia, 20:00ean
27, asteartea, Iruñeako Baluarten, 20:00ean
28, asteazkena, Bilboko Euskalduna Jauregian, 20:00ean
29 eta 30, ostegun eta ostirala, Donostiako Kursaalen, 20:00ean

Azaroak 28ko kontzertua ETB eta Euskadi Irratiak grabatuko dute, eta baliteke abenduaren 25ean ETB1ek emititzea.

Egitaraua

Robert Treviñoren zuzendaritzapean arituko da EOS eta bakarlari gisa Stephen Hough pianoan eta Garikoitz Mendizabal txistuan.

Emanaldia Agata obraren etreinaldiarekin hasiko dute. Dvorak-en Orkestra eta pianorako sol menorreko kontzertua etorriko da ondoren. Edward Elgar-en Enigma aldaketek itxiko dute kontzertua.

Informazio gehiago hemen duzue.

Aurrekariak

Txistua eta orkestra estrainekoz aritu ziren elkarrekin Tomas Aragues maisuak sorturiko Txistu eta Orkestrarako kontzertua obran. Bai Bilboko Orkestrarekin zein Euskadikoarekin jo izan da musikalana, bakarlari gisa Jose Ignazio Ansorena aritu delarik.

Garikoitz Mendizabalek berriz, Txistu Symphonic proiektua garatu zuen, txistuko zenbait obra orkestra eta txisturako moldatuak eman zituen hainbat kontzertutan, baita disko bat kaleratu ere.