Argazkia: 1961. Durangoko txistulari taldeen txapelketan, lehenengo saria irabazita. Ezkerretik eskuinera: Juan Antonio Arozena, Luis Udakiola, Patxo Martínez eta Alberto Urkijo. UDAKIOLA FAMILIA
Euskal Herriko Txistulari Elkarteak omena egingo dio Luis Udakiola zenari, azaroaren 18an Donostian. Ekitaldian, elkarteak zilarrezko domina ezarriko dio. Jarraian, Iñaki Eguren Etxabeguren lehendakariak sinatutako artikulua eta ekitaldiaren zehaztasunak dituzue.
Luis Udakiola Etxeberria, gure lagun, txistulari eta musikaria, Donostian jaio zen 1939an, eta berriki utzi gaitu, 2018ko ekainaren 23an hain zuzen ere. Gazte garaian Salleko eta Goizaldi taldeetan dantzari ibilia, txistu ikasketak Sekundino Martinez de Lezearekin hasi zituen eta ondoren Isidro Ansorena izan zuen maisu. Txistulari moduan aritu zen Goizaldin eta Diputazioko bandan. Garai hartan “Bioztun” txistulari banda famatuaren partaide ere izan zen Juanito Arozena, Patxo Martinez eta Alberto Urkijorekin. Gainera, biolin jole trebea izaki, Donostiako Ganbera Orkestraren sortzaile izan zen eta, gero, Donostiako Orkestra barrokoan aritu. Donostiako Kontserbatorioan ganbera-musikako irakasle izan zen eta Trintxerpeko Ilunbe kontserbatorioan txistu eskolak ere emana.
Euskal Herriko Txistulari Elkarteari oso lotua zegoen. Beste lan askoren artean, 18 urtetan Txistulari aldizkarian berak idatzi zuen Ale honetako musikari buruz atala. Musikan aditua, bere iradokizunak beti ziren kontuan hartzekoak. Baina, batez ere, hurbil-hurbileko gizona izan da Luis. Berak ere, horrela esaten zuen: “…toda mi experiencia como txistulari me ha dado lo más importante en este mundo: amigos”.
Ekainaren hasierarako, Donostiako txistulariak ari ziren beraien artean hitz egiten, Luis Udakiolak domina merezi zuela, baina bizitzaren gora-behera txarrak, handik hogei egunera hil zen. Abuztuan Jose Ignazio Ansorena eta beste 31 bazkidek luzatu zioten elkarteko zuzendaritzari dominaren eskaera, eta 2018ko irailaren 4ko bileran, aho batez onartu zuen zuzendaritza batzordeak Luis Udakiola Etxeberria jaunari Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zilarrezko domina eskaintzea.
Azaroak 18ko ekitaldia
8:45ean bilkura Konstituzio Plazan
9:00etan diana
10:30ean entsegua Udaletxeko Areto Nagusian
12:00etan kontzertua eta Luis Udakiolari zilarrezko domina eskaintzea
14:30ean bazkaria
Parte hartzaileak
Donostiako Udaleko Txistulari Taldea, zuzendaria Jose Ignazio Ansorena.
Santa Zezilia Korala, zuz. Kepa Martínez de Albéniz
Donostiako Orkestra Barrokoa, zuz. Sergio Zapirain
Goizaldi Dantza Taldea
Euskal Herriko Txistulari Elkartea
Kontzertuko egitaraua
Orkestra
Adagio (re maiorreko suitea) Johann Sebastian Bach (1685-1750)
Txistulariak eta orkestra
Edate soñua José Gonzalo Zulaika Arregi, Aita Donostia (1886-1956)
Iñauteriko polka José Antonio Santesteban (1835-1906), bakarreko marinba jotzailea: Francisco J. Lera
Birigarroa Isidro Ansorena (1892-1975), bakarreko txistularia: Jose Ignazio Ansorena
Azkoitia suitea Jagoba Astiazaran (1986—): introito-sarabande-rondó
Abesbatza eta orkestra
Dieu, qu´il la fait bon regarder! Claude Debussy (1862-1918)
Ave verum Camille Saint-Saëns (1835-1921)
Tollite hostias Camille Saint-Saëns (1835-1921)
Txistulariak, abesbatza eta orkestra
Maitia nun zira? José Uruñuela (1891-1963)
Fandango Basque José Uruñuela (1891-1963)
Mendi aldera Isidro Ansorena (1892-1975)
Oharrak
Entsegua azaroak 13an izango da, asteartea 20:00etan Donostiako Musika Eskolan (Atotxako Zelaia plaza, 3).Kontzertua orkestra eta koruekin batera izaki, bertan jo ahal izateko, bereziki da beharrezkoa entseatzea, eta beraz, ezinbestekoa azaroaren 13ko entsegura etortzea. Bertaratu ezin duten txistulariek parte har dezakete dianan eta ekitaldiaren haseran, baita bazkarian ere.
Janzkera: “ad libitum”. Bakoitzak nahi duen bezala, baina txukun, ekitaldi garrantzitsua da eta.Txistuak Fa tonuan eta silboteak Si bemolean.
Izena emateko, azaroaren 11 baino lehen EHTEn: 943 52 86 13 telefono zenbakian edo eta txistulari@txistulari.eus helbidera idatziz.
Kontzertuko partiturak behean dituzue pdf formatuan deskargatzeko, horretarako beharrezkoa da web-gunean erregistratuta egotea. Kalejirarako partiturak eta bazkarirako zehaztasunak hurrengo egunetan jakinaraziko ditugu.